Gasteizen elkarretaratzea egin dute epaiketa salatzeko. (Topatu.eus)
2014ko martxoaren 19an Gasteizko EHUren campusean egin zen elkarretaratze batean atxilotutako sei gazte epaituko dituzte gaur Gasteizen, Arabako Lurralde Auzitegian, 09:30ean hasita. Epaituko dituzten gazte horien artean da Onintza Valverde azpeitiarra.
Orduko hartan euskal presoek unibertsitatean ikasteko duten eskubidea aldarrikatzeko elkarretaratzea egin zuten hainbat lagunek, Ikasle presoak klasera lelopean. Ondoren, ikasleak horma batean murala egiten hasi ziren, eta Ertzaintzak ikasleetako bat atxilotu zuen. Atxiloketa salatzeko, beste hainbat ikaslek errepidea moztu zuten, eta protestan ziren beste bost lagun atxilotu zituzten.
Ordena publikoaren aurkako erasoa eta autoritatearen aurkako atentatua egozten dizkiete sei gazteei, eta 5.000 euroko isunaz gain, 13 urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskalak haientzat. Gazteetako batentzat hiru urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra galdegin du fiskalak; Valverderentzat eta beste lau ikaslerentzat, berriz, bi urtekoa.
"Egia" kontatzera
Valverdek adierazi duenez, epaiketara "gertatutakoa kontatzera" doa eta horrek "lasaitzen" du: "Egia bere horretan kontatzeak eta lekukoen —ikasleak eta irakasle bat— adierazpenek gure bertsioa berresten dute. Epaiketa oker joaten bada, ez da izango gure aldeko froga faltagatik. Denok dakigu halako epaiketetan zer gutxi balio duten gure hitzek".
Epaiketa atzeratzea "zigorra" dela esan du, "bizimodu normala egin arren badakizulako eguna iritsiko dela eta tratu txar hori pasatuko duzula".
Elkarretaratzea 18:30ean
Epaitutako gazteei "elkartasuna adierazteko, muntaia poliziala salatzeko eta euskal presoen eskubideen aldeko ekimenek duten zilegitasuna azpimarratzeko" agerraldia egin zuten joan den ostegunean hainbat herritarrek.
Azpeitiko Librek esan duenez, duela bi urte Gasteizko campusean egindako "karga poliziala justifikaziorik gabea" izan zen, eta "zigor gogorrak" eskatzen ditu fiskalak orduan atxilotutako lagunen aurka.
Libreko kideek epaiketa salatzeko elkarretaratzea deitu dute gaurko. 18:30ean izango da kontzentrazioa, eta herritarrei dei egin diete bilkuran parte har dezaten, "euskal herritarren eskubide zibil eta politikoak bermatzeko, ikasleei babesa emateko eta elkartasunetik konpromisora igarotzeko, herritar guztiok gure hondar aletxoa jarri behar dugulako".
Bestalde, epaiketa hasi baino ordu erdi lehenagorako, 09:00etarako, kontzentrazioa deitu dute Lurralde Auzitegiaren aurrean.