Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Irailaren 24a bitartean eman daiteke izena udaletxeko Parekidetasun Sailean edo Emakumeen Txokoan. Munduko dantzak, autodefentsa, erotismo eta autoezagutza, mendi orientazioa eta 'aktibatu zure ahotsa' tailerrak eskaintzen dituzte.
Urtero bezala, emakumeentzako Jabetze Eskolako ikastaroak eskainiko ditu Azpeitiko Emakumeen Txokoak, urritik abendura. Gaur hasi da ikastaroetan izena emateko epea, eta irailaren 24a bitartean eman ahalko da izena, astelehenetik ostiralera, goizetan, udaleko Parekidetasun Sailean edo arratsaldetan Emakumeen Txokoan. Larunbat goizean ere zabalik izango da Emakumeen Txokoa.
Ondorengoak dira eskaintzen diren tailerrak:
Munduko dantzak: Ekialdeko dantzen ikastaroa.
Sabel dantzatik abiatuta, Indiako hainbat dantza klasiko, Bollywood dantza, zingaroen martxa, turkiar folklorea edota antzinako persiar nahiz egipziar dantzak irakatsiko dituzte.
Urriaren 6tik abenduaren 15era izango dira saioak, ostegunetan, 18:00etatik 20:00etara.
Autodefentsa feminista tailerra
Emakumeen jabetzea sustatzeko "emakumeen askatasuna urratzen duten indarkeria mota guztiei aurre egiteko" baliabideak irakatsiko dituzte.
Tailerrak azaroaren 4tik azaroaren 25era, ostiraletan, egingo dituzte 17:30etik 20:30era. Euskaraz izango dira saioak.
Erotismo eta autoezagutza tailerra
Ariketa praktikoen bidez sentsazioen kontzientzia handitu eta bost zentzumenek eskaintzen dituzten aukerak baliatuko dituzte, norberaren erotismoa esnatzeko.
Urriaren 29an, azaroaren 26an eta abenduaren 17an egingo dituzte saioak, 10:00etatik 14:00etara.Euskaraz izango dira saioak.
Mendi orientazio ikastaroa
Ikastaroan zehar mendian orientatzeko tresnak erabiltzen ikasiko dute parte-hartzaileek: mapak irakurtzen edota iparrorratzak erabiltzen, esaterako.
Urriaren 1ean, 8an eta 22an, eta azaroaren 5ean eta 12an izango dira saioak, 09:30etik 13:30era.
'Aktibatu zure ahotsa' tailerra
Ikastaroan bakoitzak bere ahotsaren erabileraren kontzientzia hartuko du, eta tresna berriak ikasiko ditu ahotsa hobetu eta modu osasuntsuan proiektatzeko.
Abenduaren 9an ea 10ean izango dira saioak, ostiralean 17:30etik 20:30era eta larunbatean 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Gaztelaniaz izango da tailerra.
Ikastaro horiez gain, urte osoko bi tailer eskainiko dituzte:
Emakume haurdunentzat tailerra
Haurdunaldi eta erditzerako ariketa lagungarriak, yoga eta pilateseko luzapenak, arnasketa eta erlaxapen teknikak, eta norbere gorputzarekin eta umearekin konektatzeko ariketak egingo dituzte parte-hartzaileek.
Urriaren 3an hasiko dira saioak, eta urte osoan zehar egingo dituzte astelehenetan eta ostiraletan. Astelehenetan 18:00etatik 19:30era, eta ostiraletan 11:00etatik 12:00etara.
Emakumea pilotari
'Emakumea pilotari' ekimenaren baitan, emakumeak pilota mundura erakartzea da helburua. Palaz jokatu edo jokatzen ikasi nahi duten emakumeei zuzenduta dago.
Urriaren 4tik aurrera asteartero egingo dituzte saioak, 19:30etatik 20:30era.
Irailetik azarora bitartean, egun bateko saioak ere antolatu dituzte. Guztiak, asteazkenetan izango dira. Honako hauek dira:
Bularreko minbiziaren prebentzioari buruzko tailerra
Irailaren 28an izango da, 17:00etan, eta Katxalin elkarteko Arrate Plazaola medikua ariko da hizlari.
'Zergatik berreskuratu emakumeen memoria historikoa? Gure memoriaren hutsuneak betetzen' tailerra
Urriaren 19an izango da, 19:00etan, eta EHUko irakasle Irantzu Mendia ariko da gidari lanetan.
'Testurak' ikuskizuna
Bertsolariek idazle eta sortzaileen testuekin jolastuko dute azaroaren 9an, 19:00etan. Emakumeen Etxeen Sareak antolatu du saioa, Ahalduntze Bertso Eskolako kideen parte hartzearekin.
'Izena eta izana ezbaian' gida praktikoaren aurkezpena
Azaroaren 16an izango da, 19:00etan. Pertsona izenek duten balio sinboliko eta eraikitzailearen inguruan gogoeta egiteko tresnak aurkeztuko dituzte. Emagin elkartea ariko da hizlari.