50. eta 60. hamarkadetan Azpeitira etorritakoak omenduko ditu Udalak

Urola Kostako Hitza 2016ko irailaren 12a

Batez ere, Gaztela, Galizia, Andaluzia eta Extremaduratik etorritako herritarrei esker ona adierazteko ekintza ugari antolatu dituzte irailaren 23an eta 24an.

Ezkerretik eskubira, Estitxu Elduaien zinegotzia, Eneko Etxeberria alkatea eta Ainara Larrañaga zinegotzia.(Azpeitiko Udala) Azpeitiko Udalak 50. eta 60. hamarkadetan, batez ere, Gaztela, Galizia, Andaluzia eta Extremaduratik etorritako herritarrei aitortza egingo die irailaren 23an eta 24an. Herritar horiek Azpeitiko herriari eginiko ekarpenek herria“aberastu” dutela azaldu dute Udaletik, “batez ere kultur arloan”. “Jatorria utzi eta, erraza ez izan arren, etorkizuna gure herrian eraikitzeko esfortzua egin behar izan zuten. Baina, gure herriaren eskulan aktibo izugarria izateaz gain, kultur aniztasuna eta aberastasunaren parte garrantzitsua ere badira”, gaineratu du Udalak. Hori horrela, hainbat ekintza antolatu dute egun horietarako. Iniziatiba horren antolaketa eta koordinazioa Udala egiten ari bada ere, ekintzen nondik norakoak garai hartan Azpeitira etorritakoak eta bere ondorengoak ari direla fintzen gaineratu dute. Antolatutako ekintzen xehetasunak “datak gerturatzean” emango dituztela adierazi dute, baina, plazan egingo diren bi azpimarratu nahi izan dituzte. Irailaren 23an, gauean, Kiko Venenoren kontzertua izango da Sanagustin kulturgunean 23:00etan hasita. Sarrerak salgai daude dagoeneko www.kulturaz.eus webgunean. Irailaren 24an, berriz, Herri Bazkaria egingo dute herriko plazan. Bazkari horretan “kultur aniztasunaren erakusgarri izango diren ekintzak” izango direla adierazi dute. Herritarrak eta bisitariak egun horietarako antolatutako ekintzetan parte hartzera animatu ditu Udalak: "Data horiek memorian eta agendan gorde, eta egun horietan kalera irten eta jai giroan gozatzera animatu nahi ditugu herritarrak eta bisitariak".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide