Xabier Iturralde: "Pixkanaka hasi behar da, errekortarien mundua zaila delako"

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko ira. 9a, 11:59

Xabier Iturralde Baionako txapelketan. (Xabier Iturralde) Baionako Errekortari Gazteen Txapelketa irabazi zuen Xabier Iturraldek (Azpeitia, 2000), abuztuaren 7an. Aurtengoa azken urtea du gazteen mailan. "Iskin egitearen zalea" dela dio, nahiz eta "aingeruaren salto bat edo beste" egin duen. Baionako txapelketa irabazita, gustura al zaude? Bai. Ez da irabazi dudan lehen txapelketa; iaz Arrasatekoa irabazi nuen. Saltoa dago Arrasatetik Baionara. Lagunartean bezala aritu ginen bost errekortari, baina maila eman behar da, eta gustura sentitu nintzen Baionako txapelketan. Zenbat txapelketa eta erakustalditan hartu duzu parte? Bi urteotan hamar bat-edo. Bergarako Zezenak ganadutegiak erakustaldiak-eta antolatzen ditu gazteontzat, eta horiei esker bultzada handia izan dugu. Zelai Luze ganadutegikoek ere lagundu digute. Nolatan errekortari? Zezenetarako afizioa txikitatik dut. Ama asko ibili izan da Azpeitiko sokamuturrean, eta aitarekin herri batzuetara joan izan naiz. Zezenari beldurrik ez al diozu? Gu zekor txikiekin aritzen gara, gazteen mailan ezin baitizkigute zekor handiak atera. Dena den, Baionakoak handi samarrak ziren, plaza ikaragarria delako eta zekor txikia ito egiten delako halakoetan. Handiagoekin aritzeko gogoz gaude. Hori bai, askok epela hartu eta konfiantza galdu dute, eta askotan esaten didate kontuz ibiltzeko, orain konfiantzaz aritu arren, edozer pasatu dakidakeelako. Nola ikusten duzu nagusien mailarako jauzia? Gustatuko litzaidake haiekin aritzea, baina zaila da oso. Pixkanaka hasi behar da, errekortarien mundua zaila delako. Beraz, hobe lasai hartzea. Halere, helburua da ahalik eta goren iristea, gustura bainabil.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide