Bisitari kopuruak gora egin du udan Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2016ko irailaren 9a

Alde Zaharreko turismo bulegotik 421 lagun igaro dira abuztuan, eta Burdinbidearen Euskal Museoan inoizko bisitari gehien izan da

Azpeitiko Udalaren azken urteotako erronketako bat izan da turismoa indartzea, eta, horretarako, Azpeitia Experience marka sortzeaz gain, turismo bulegoa zabaldu zuten abuztuan, Alde Zaharrean. Bulego horren bidez, bisitarientzat erreferentzia diren bi puntuetatik —Loiolako Santutegitik eta Burdinbidearen Euskal Museotik— herrira erakarri nahi zuten turismoa. Agustin Lizarralde Turismo zinegotziaren arabera, gauzatu dute asmo hori, eta herritarren eta bisitarien erantzuna «oso ona» izan da. Abuztuan 421 lagun pasatu ziren Alde Zaharreko turismo bulegotik. Gehienak bikote helduak eta familia gazteak ziren, Espainiatik eta Herrialde Katalanetatik etorritakoak. Bisitarien batez besteko adina, berriz, 50 urtekoa izan zen. Bi galdera egin zituzten, oro har: zer ikus daitekeen herrian, eta non jan daitekeen. Ohiko bulegoko informazioa eskaintzeaz gain, hiru bisita gidatu ere egin zituzten, Alde Zaharra eta Inaziotar guneak ezagutzeko. Guztira, 45 lagunek hartu zuten parte bisita horietan. Horiez gain, antolatutako bisitak ere izan ziren gidekin, eta beste 50 lagun inguruk ezagutu zuten herria modu horretan —bisita horiek ere jaso zuten turismo bulegoaren laguntza—. Gainera, nahiz eta turismo bulegora informazio bila ez joan, parrokia ikustera beste 400 lagun inguru bertaratu ziren. Tren museoak, errekorra Inoizko bisitari gehien izan du Burdinbidearen Euskal Museoak aurtengo udan: guztira,  4.469 lagun joan dira hara, Eusko Jaurlaritzaren Garraio sailak emandako datuen arabera. Bestalde, lurrun trenaren zerbitzuak ere marka guztiak hautsi ditu. Iraila bitartean, 2015ean baino %19,85 bidaiari gehiago izan du; eta 2015a bisitari kopuru handiena izan zuen urtea izan zen, 1998an zerbitzua martxan jarri zutenetik. Uztaila izan da hilabeterik jendetsuena, eta abuztuko astegunetan ere «nabarmen» egin dute gora bisitariek. Lizarralderen arabera, herriko kaleetan nabaritu egin da beste urteetan baino «askoz» jende gehiago ibili dela. Gainera, abuztuan irekita egon diren ostatuetan, «lana ondo» egin dutela adierazi du. Irailean eta urrian ere irekita jarraituko du turismo bulegoak, orain arteko ordutegi berarekin, eta bisita gidatuak egiteko aukera ere izango da. Orain arteko ibilbideaz balorazio «oso positiboa» egin du udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide