Santio eta San Inazio jaiak bukatuta, atzera begiratzeko unea iritsi zaie antolatzaileei eta lanean aritu diren herritarrei. "Jendetsuak" izan dira festak, eta guztiek egin dute balorazio ona. Mikel Ibarzabal Azpeitiko Udaleko Festa batzordeburuak esan du jaiak "normaltasun osoz" joan direla, eta ez dela "arazo berezirik" izan. Dena den, lapurreta, pintada eta txikizio batzuk egin dituztela azaldu dute erakundetik, eta jarrera horiek guztiak salatu dituzte. Bestalde, festen eraginez eragozpenak izan dituzten herritarrei barkamena eskatu diete, eta eskerrak eman dizkiete beraien jarrerarengatik.
Haujijijai batzordeko kideek ere festa onak izan direla esan dute. Herri bazkarian, 800 lagun bildu ziren plazan, eta larunbatetik hasita, herritar askok parte hartu du jaietan. "Txosnak beteta egon dira, eta ekitaldiek ere arrakasta izan dute", azaldu du Aitor Aranburu batzordeko kideak. Skandalue elektrotxarangaren agurreko kontzertua nabarmendu du Aranburuk: "Giro bikaina jarri zuten, eta jendea animatu egin zen". Uztailaren 31n ere jende asko ibili zela azaldu du, "beste urteetan baino gehiago". Berritasunei dagokienez, astelehenerako antolatutako antzerkiaren «arrakasta» aipatu du: "Lehen aldiz jarri dugu antzerkia, eta jende ugari bildu zen, denetarikoa".
Tabernarientzat ere festa onak izan dira aurtengoak. Santio eta San Inazio jaiekin, sei festa egun izan dituzte, eta oparoak izan dira. Jon Iparragirre AZTE tabernarien elkarteko kideak azaldu du beste urteetan baino jendetsuagoak izan direla santioak, eta saninazioetan ere herritar eta bisitari asko ibili direla, batik bat, lehen egunean, uztailaren 30ean. "Gauez ez ezik, egunez jende asko ibili da Alde Zaharrean, eta egindako lanarekin oso gustura gaude", nabarmendu du.
Eraso sexistarik ez
Udalak zein Haujijijaik eraso sexisten aurka eginiko kanpaina goraipatu dute, eta jendeak "errespetuz" jokatu duela esan dute. Bi eragileek landu dute gaia, eta karpa bat ere jarri dute herritarrei arreta eta aholkularitza eskaintzeko.
Leire Etxaniz Parekidetasun zinegotziaren hitzetan, salaketarik ez dute jaso eta jendeak "harrera oso ona" egin dio arreta guneari. Haujijijai batzordeko Aranburuk ere esan du udalak zein batzordeak eginiko lanketak fruituak eman dituela, eta kontzientzia lantzeko egin dituzten jarduera eta bideoen eragina ere sumatu dutela.
Atxilotu bat astelehenean
34 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak astelehen goizaldean, droga trafikoa egotzita. Autoan zihoala gelditu zuten, abiadura handiagatik.
Metanfetaminaren eta kanabisaren frogek positibo eman zioten, eta ondoren ikusi zuten bi gerriko poltsa zituela, ustez drogaz beteta. Hauts zuria eta substantzia marroiak atzeman zizkioten;?eta, haiekin batera, 1.500 euro. Ustezko droga trafiko delitua egotzi diote, eta poliziaren eskuetan dago kasua.