Urteroko legez, txupinazoa botata hasi dira saninazioak. 12:00etarako jendez lepo zegoen herriko plaza, eta arrosa kolorea nonahi ikus zitekeen. Aurten Antxieta Jakintza Taldeko eta Udal Musika Bandako kideek izan dute festen hasierako suziria botatzeko aukera, bateko zein besteko kideek urte luzez egin duten lanagatik. Banda, gainera, urteurren borobila ospatzen ari da aurtengoan; izan ere, 15o urte dira hura sortu zutela.
Jendetza elkartu da plazan, festei hasiera emateko. Udaletxeko balkoian, berriz, Antxietako eta bandako kideak eta kide ohiak eta udaletxean ordezkatuta dauden EH Bilduko eta EAJko zinegotziak egon dira. Eneko Etxeberria alkateak hitza hartu du suziria bota aurretik, eta hark gogoan izan ditu festetan herrian falta direnak, hala nola arrazoi desberdinak medio herritik kanpo direnak.
Suziria bota orduko erraldoi eta buruhandiek hasi dute kalejira, eta, ondoren, hainbat herritarrek Marea Arroxa saninazioetako festa batzordearen abestia kantatu dute, Udal Musika Bandak lagunduta. Segidan batukada egin dute Gaztetxeko eta Haujijai! batzordeko kideek.
Horrenbestez hasi dira hiru eguneko festak, eta izango da zer gozatu datozen orduetan eta egunetan.
Hona hemen, txupinazo garaiko argazki bilduma:
[flickr_set id="72157670676246640"]
Jarraian, saninazioetako egitaraua:
Egitaraua
Larunbata, uztailak 30
15:00. Herri bazkaria, plazan. Ondoren, txosnen irekiera eta jolasak. Haiek bukatzean, Skandalue elektrotxarangaren azken kontzertua.
17:00. Gozo Chef tailerra. Gaztetxoentzat, Alberdieneako aparkalekuan.
18:00. Zezen txikiekin jolasak Done Jakue kalean, Zezen Beltz elkarteak antolatuta. Ganadutegia: Zelai Luze.
18:30. Zezenketa, feriako aurrena, zezen plazan.
19:00. Meza eta bederatziurrena, Loiolako basilikan.
19:00. Gau Erdi txarangaren kalejira, zezen plazatik irtenda eta kaleetan zehar.
19:30. Skandalue Elektrotxaranga, kaleetan zehar.
22:00. Hartz taldearen kontzertua, txosnagunean.
23:00. Lehenengo su festa, Zaragozana su etxearen eskutik.
23:30. Txapelpunk taldearen kontzertua, plaza nagusian. Bide Batez taldearekin erromeria-dantzaldia, Olazko Andre Mariaren plazan.
01:00. Pornox taldearen kontzertua, txosnagunean.
02:30. Huntza taldearekin erromeria, txosnagunean.
Igandea, uztailak 31
09:00. Goiz eresia, herriko Musika Bandaren, Biasteriko dultzaineroen eta Izarraitz Txistulari Taldearen eskutik.
10:10. Udal ordezkariak korporazioan joango dira parrokiara.
10:30. Prozesioa, Alde Zaharreko kaleetan.
11:00. Soreasuko Sebastian Donearen parrokian, meza nagusia, Kepa Susperregi Azpeitiko erretorearekin eta herriko apaizekin.
12:00. Urolatarrak txaranga, kaleetan zehar.
12:30. Arratsaldean toreatuko diren zezenen aukeraketa, zezen plazan.Bestalde, entzierro txikia, Elizkaletik Done Jakue kalera, Zezen Beltz elkarteak antolatuta.
14:30. Txomingero bazkaria, Erdikalean. Bazkalondoren, Eonian Elektrotxaranga kaleetan zehar.
17:00. Gaztetxoentzako jolas parkea, Alberdieneako aparkalekuan.
17:30. Oinatz elkarte animalistaren elkarretaratzea, zezen plazaren aurrean.
18:00. Zezen txikiekin jolasak, Done Jakue kalean, Zezen Beltz elkarteak antolatuta.
18:30. Zezenketa, feriako bigarrena, zezen plazan.
19:00. Oria txaranga kaleetan zehar.
22:00. Izeberg taldearen kontzertua, txosnagunean. Ondoren, Ernaiko kideek ekitaldia egingo dute.
23:00. Eskuzko pilota jaialdi profesionala, Izarraitz pilotalekuan, Aspe eta Asegarce enpresetako pilotariekin. Antolatzailea: Ilunpe Pilota Elkartea. Bestalde, bigarren su festa, Caballerren eskutik.
23:30. EH Sukarra taldearen kontzertua, plaza Nagusian. Egan taldearekin dantzaldia, Olazko Andre Mariaren plazan.
Gauean. Ziribulo sound-en kontzertua, Orkatzen.
01:00. Humus taldearen kontzertua, txosnagunean.
02:30. Verrater taldearen kontzertua, txosnagunean.
Astelehena, abuztuak 1
09:00. Goiz eresia, Izarraitz Txistulari Taldearekin, Azpeitiko Musika Bandarekin eta Biasteriko dultzaineroekin.
10:00. Elkarretaratzea, Loiolan.
10:15. Herriko agintariek ongietorria udaletxean Eusko Jaurlaritzako kideei eta Gipuzkoako Foru Aldundikoei. Ondoren, korporazioan joango dira Loiolako meza nagusira.
11:00. Meza nagusia, Loiolako basilikan, herriko apaizekin eta Donostiako gotzain Jose Ignacio Munillarekin. Bestalde, IX. Bakailao Txapelketa, plaza nagusian.
12:30. Arratsaldean toreatuko diren zezenen aukeraketa, zezen plazan. Entzierro txikia, Elizkaletik Done Jakue kalera, Zezen Beltz elkarteak antolatuta. Ganadutegia: Lopene.
14:30. Herri bazkaria, berdura plazan, bakailao txapelketan aritu diren herritarrekin.
17:00. Mus Txapelketa, Sanagustin kulturgunean (16:30ean irekiko da izen-ematea, kulturgunean bertan).
18:00. Zezen txikiekin jolasak, Done Jakue kalean, Zezen Beltz elkarteak antolatuta. Ganadutegia: Lopene. Bapatean Zirko taldearen emanaldia, Perez Arregi plazan.
18:30. Zezenketa, feriako hirugarrena, zezen plazan.
19:00. Emakumeen eskuzko pilota jaialdia, Frontoi Txikian. Antolatzailea: Ilunpe Pilota Elkartea.
18:45. Los Pasai txarangaren emanaldia, zezen plazatik irtenda, kaleetan zehar.
22:00. Rodeo Stoner taldearen kontzertua, txosnagunean. Ondoren, ekitaldi feminista.
00:00. Ken Zazpi taldearen kontzertua, plaza nagusian. DJ festa, Olazko Andre Mariaren plazan.
Gauean. Esne Beltza eta Sound system taldeetako Solano eta DZren kontzertua.
01:00. Joseba B. Lenoir Gang-en kontzertua, txosnagunean.
02:30. Pelax kontzertuan, txosnagunean.
Asteartea, abuztuak 2
06:00. Incansables txaranga, kaleak alaituz.
07:30. Zezena, Done Jakue kalean.
08:00. Gaupaseroen argazkia plazan. Jarraian, gosaria.
09:00. Suziri eta danbatekoekin, 2016ko jaien amaiera.