Eusko Gudarosteko Azpeitiko komandantziaren 80. urteurreneko ekitaldia egingo dute ostiralean Loiolan

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko uzt. 20a, 16:57

Eusko Gudarostea 1936ko abuztuan sortu zuten EAJk, ANVk, Jagi-jagik, ELA-STVk eta Euskal Nekazarien Batzarrak, Franko buru zuen matxinada militarrari aurre egiteko. Azpeitiko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak omenaldia egingo diete orduko gudariei ostiralean, 19:15ean Arrupe hotelean.

Juantxo Agirre, Javi Buces eta Eneko Etxeberria. (Julene Frantzesena) Eusko Gudarosteko Azpeitiko komandantzia Loiolan antolatu zela 80 urte beteko dira abuztuaren 5aren eta 8aren artean, eta Azpeitiko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak omenaldia egingo diete orduko gudariei ostiralean, 19:15ean Arrupe hotelean. Eusko Gudarostea 1936ko abuztuan sortu zuten EAJk, ANVk, Jagi-jagik, ELA-STVk eta Euskal Nekazarien Batzarrak, Franko buru zuen matxinada militarrari aurre egiteko. Haien buru izan zen Kandido Saseta komandantea. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak dioenez, orduko hura izan zen "indar abertzaleak elkartu eta antolatu" ziren lehen aldia. "Orduan ez zegoen Eusko Jaurlaritzarik, ez zegoen halakorik antolatuta, eta tropa frankistek uste zuten hemen egingo zuten bidea paseo bat izango zela. Baina antolatu egin ziren, gerra antolaketa izan zen, armaduna, eta Azpeitian ez bada ere, Intxortan gelditu zituzten tropa frankistek. Ondoren, urrian, aukeratu zuten Agirre lehendakari eta Eusko Jaurlaritza antolatu zuten. Eusko Gudarosterik gabe Agirrek ez zuen lehendakari izateko aukerarik izango". Etxeberriak gogoratu duenez, Eusko Gudarostearen baitan indar abertzaleak elkartzea ez zen "testigantzazkoa" izan, "hainbat pertsona hil ziren, eta Azpeitiko komandantziakoak dira tartean". Besteak beste, honako gudari hauek hil ziren eta ostiraleko ekitaldian haien senideak-eta omenduko dituzte: Azkoitiko Joxe Joakin EgaƱa (EAJ), Bidanian hil zen Mikel Alberdi (Jagi-jagi), Floren Zubiaur (ELA-STV) eta Joxe Arana (ANV). Horiek eta beste hainbat hildakok "legez kanpoko erasoa" jaso zutela azaldu du Etxeberriak: "Gogorra da gaur egungo diskurtsoarekin uztartzea, baina Espainiako tropei aurre egiteko armak hartu zituzten, eta ulertu zuten armen bidez, biolentziaren bidez, defendatu behar zutela beren apustua; Euskal Herriko kausa".

Eusko Gudarostearen liburua

Aranzadi Zientzia elkartea Eusko Gudarostearen inguruko ikerketa lana ari da egiten. Aranzadik, baina, aurretik hainbat lan egin ditu Azpeitian, hala nola Gerra Zibilaren ingurukoa, baina oraingoa "Euskal Herri osorako" ikerketa eta liburua dela azaldu du Juantxo Agirre Aranzadiko idazkari nagusiak. "Protagonistak bailara desberdinetakoak dira, baina Azpeitia protagonista eta erreferente izan zen antolatzerakoan. Historia hori ia-ia ezezaguna zen, eta ez dago Eusko Gudarostearen inguruko lan monografikorik. Liburuarekin duintasuna emango diegu garai hartako protagonistei; izan ere, historia hura sasi artean zegoen. Orduko egiaren bila ari gara". Azpeitiko Udalari eskerrak eman dizkio Agirrek "erronka" delako lan hori egitea, eta zorionak eman dizkio erakundeari "aitzindaria" delako ikerketa. Javi Buces historialaria ari da ikerketa gauzatzen, eta hark esan duenez ikerketa "esklusiboa" da. "Garrantzitsuena ez da Eusko Gudarostearen inguruko ekintzak edo borrokak ezagutzea, Aranzadirentzat inportanteena da milizia horretan nork hartu zuen parte jakitea. Hau da, garrantzitsuena da ezagutzea gazte boluntario haiek nor ziren eta zer gertatu zitzaien", azaldu du Bucesek. Horri lotuta, esan du "faxismoaren aurkako gerra galdu zutenen duintasuna berreskuratu" nahi dutela. Dagoeneko Eusko Gudarostearen Loiolako komandantziako hainbat datu bildu ditu Bucesek, eta hark dioenez, orduko Azpeitiko zerrendak-eta begiratuta, 1279 lagunek osatzen zutela jakin ahal izan dute: "Orain arte boluntario aritutako erdien datuak lortu ditugu. Horien erdiak Urola Kostakoak, Deba bailarakoak eta Tolosaldekoak ziren. Azpeitiko komandantzia erori zenean, 300 lagunek baino gehiagok jarraitu zuten borrokan beste bataloi batean; besteak beste, Loiola, Amaiur eta Intxarkundia bataloietan aritu ziren. Gutxienez, 33 lagun hil ziren gerra frontean Azpeitiko komandantzian sartuta zirela edo geroago, eta gutxienez, 150 lagun espetxeratu eta gerra kontseiluan epaitu zituzten. Espetxeratu horietatik 40 lagun gutxienez Langileen Bataloietan sartu zituzten. Horrez gain, dozenaka izan ziren erbestera joan behar izan zuten gudariak". "Artxibategi ugaritan egindako ikerlanari esker, egiaztatu dugu 1279 zirela boluntarioak. Gainera, ANVko 252 borrokalari boluntariok izena eman zuten Yranzu hotelean. Horiek ere ikertzen ari gara banan-banan", azaldu du historialariak. Bucesen arabera, ikerketa "bukatzeke" dago, eta datozen hilabeteetan jarraituko dute "konpromisoa betetzen". Ondo bidean, udazkenean aurkeztuko dute liburua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide