Ainhoa Beristain eta Estitxu Elduaien Azpeitiko Udaleko zinegotziak. (E. Albizu Lizaso)
Azpeitiko Udalak 90.000 euro bideratu ditu gobernuz kanpoko erakundeei (GKE) laguntzen dieten azpeitiarren proiektuak sustatzeko. Uztailaren 16rako eskatu behar dute diru laguntza azpeitiarrek. Urteak daramatzate laguntza hori eskaintzen udalean, baina aurtengoan lerro berri bat ireki dute: kooperante bezala atzerrira joaten diren azpeitiarrek aukera izango dute laguntza eskatzeko. Horretarako, lau hilabetez baino gehiagoz joan behar dute atzerrira, eta garraioa zein mantenua ordaintzeko izango da dirua. Udalak azaldu du beka gisako laguntza hori eskatu behar dutenek aukera izango dutela hilaren 16rako eskaera orria bete, eta proiektua beranduago aurkezteko.
Aurtengoan, gainera, puntuazioa "findu" dutela azaldu du Estitxu Elduaien zinegotziak: "Oinarrizkoak diren beharrekin lotutako proiektuek lehentasuna izango dute, esate baterako, osasuna edo hezkuntzarekin zerikusia duten proposamenek".
2016ko proiektuak
Laguntza jasotzeko beharrezkoa da proposatutako proiektua 2016an hastea, izan GKEetarako edo kooperante gisa.
Elduaienek diru laguntza horien garrantzia nabarmendu du, eta esan du azpeitiarren diruaren "zati txiki" batekin, "garrantzi handiko proiektuak" lagun daitezkeela.