Iraurgi taldean hasi zineten saskibaloian, ezta?
ENERITZ LARRAÑAGA: Eskola kirolean hasi nintzen saskibaloian jokatzen. Iraurgiko teknifikazio eskolan hasi nintzen gero, eta, mailaz maila, gaur arte. Aurten emakumeen lehen taldean ere aritu naiz, eta Espainiako Emakumeen Lehen Maila probatu ahal izan dut. Gustura aritu naiz. Gainera, pixka bat jokatzeko aukera izan dut, eta ederra izan da.
AITOR ZUBIZARRETA: Anaia nagusia saskibaloian hastean, haren partidak ikustera joaten nintzen, eta orduan izan nuen lehen harremana saskibaloiarekin. Gainera, etxean ere saskibaloi zaleak ziren familiakoak. Haurra nintzela, teknifikazioan hasi nintzen, eta 18 bat urtera arte aritu nintzen Iraurgin.
Eta, bat-batean, Azpeititik Ameriketako Estatu Batuetara.
A.Z.: Bi urtez Portlandeko Unibertsitateko taldean aritu nintzen. Izan ere, beka bat eskaini zidaten han ikasteko eta Portland Pilots-ekin NCAA-1 ligan jokatzeko. Iaz, Idaho Collegerekin fitxatu nuen; NAIA ligako taldea da —NCAA-2 mailaren parekoa—. Portland Pilots-en ez nuen nahi adina jokatzen, eta taldez aldatzea erabaki nuen. Asmatu nuen, orain gehiago jokatzen baitut. Orain, urtebete geratzen zait, gehienez lau urtez joka daiteke-eta liga hauetan. Ikasketak bukatu gabe gelditzen bazara, ikasten jarrai dezakezu ordainduta, baina ez dute saskibaloian jarduten uzten.
E.L.: Ni Northeastern Oklahoma A&M College taldearekin ariko naiz datozen bi urteetan, gutxienez. Hasieran, unibertsitateek eskaintzak egin zizkidaten, baina esan zidaten bidali nizkien bideoekin ez zirela oso gustura gelditu, eta hobe nuela
college batera joatea. Maila baxuagokoak dira
college-ak. NJCAA ligan ariko naiz, eta esan zidaten han pare bat urte egindakoan aldatu ahalko nuela taldez. Ikusiko dugu aurrerago unibertsitateek eskaintzarik egiten didaten.
Elkarrizketa osoa,
Gipuzkoako Hitzan.