Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azaroan osatu zuten puntu beltzen mapa bat herriko emakumeek, eta hori izan du abiapuntu udalak. Andreek beldurra sentitzen duten guneak moldatzeko asmoz egin dute.
https://www.youtube.com/watch?v=5fIOw137Ogc
Argi eta ispilu berriak jarri dituzte Azpeitian, herriko emakumeek identifikatutako puntu beltzak argitzeko asmoz. Iazko azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako nazioarteko egunean, tailer bat egin zuten hainbat esparru eta belaunalditako emakumeek, herriko puntu beltzak identifikatzeko. Puntu beltzak dira emakumeak segurtasunik gabe sentitzen diren guneak, ilunak edo bakartiak direlako, besteak beste. Mapa batean jaso zituzten puntu horiek, eta udala saiatu da toki horiei irtenbidea aurkitzen.
Saio hartan osatutako mapari jarraiki, honako lekuak moldatu dituzte, argiteria eta ispilu berriekin: Zelai Luze, Joan XXIII.a auzoko Frantziskanetako pareta eta Corrugadoseko sarrera bitarteko gunea, Sanjuandegiko etxe azpiak, igerilekua eta Loiolako Ignazio etorbideko zubia bitarteko bidea eta Landetan auzoko zenbait leku. Lur azpiko oinezkoentzako pasabideetan ere indartu dute argiteria eta, horrez gain, ispiluak jarri dituzte pasabide horietan.
"Urte askoan, hirigintzak ez du beldurraren pertzepzioa edota puntu ilunen sorrera kontuan hartu izan. Gaur egun, baditugu herrian argitu eta zabaldu beharreko guneak. Eta horretan ari gara lanean", azaldu du Josu Labaka zinegotziak. Hirigintza eta parekidetasuna uztartzen ari direla nabarmendu du.
Leire Etxaniz Parekidetasun zinegotziak honakoa azaldu du: "Edonork kalean lasai, beldurrik sentitu gabe ibiltzeko Azpeitia nahi dugu guk, eta horregatik, segituan hasi ginen horri buelta eman nahian". Hori dela-eta, emakumeak beldurra senti dezaketen guneak nola egokitu lantzen jarraituko dute, batetik;?eta berdurraren pertzeptzioa lantzeko «hausnarketa serioa» egingo dute, bestetik.