Oteiza eta Uzkudun Istanbuleko aireportuan.
Atzo gauean Istanbuleko Ataturk aireportuan ziren bi azpeitiar atentatuaren unean. 22:00ak aldean
hiru leherketa eta tiroketa bat gertatu ziren aireportuaren aparkalekuan eta sarrerako terminalean, eta zaurituak 240 bat direla eta gutxienez 41 pertsona hil direla jakinarazi Turkiako Gobernuak. UROLA KOSTAKO HITZAk Kuala Lumpurrera (Malaysia) joateko zortzi orduko eskala Istanbulen egiten ari ziren bi azpeitiarrekin, Janet Uzkudunekin eta Urtzi Oteizarekin, hitz egin du. Oteizak esan duenez, "izualdia pasatuta, onik" daude; "hemendik alde egiteko gogoarekin".
Leherketen ostean, aireportua eta inguruak itxi egin zituzten soldaduek eta poliziek, eta hegaldiak eten. Anbulantzia ugari joan zen aireportura, eta zauritu asko taxietan eraman zituzten ospitaleetara. Gaur goizean irekitu dute aireportua berriz, hegaldi gutxi batzuekin. Atentatua inork ez du bere gain hartu, baina Istambulek EI egin du erantzule. Orain, aireportuan dira bi azpeitiarrak, arratsaldean baitute atzo hartu behar zuten hegaldiaren ordezkoa.
Honako hau azaldu dio Oteizak HITZAri: "Aireportuko
lounge batean egon ginen pare bat orduz, eta aireportua ikustera, buelta bat ematera, atera ginen. Han genbiltzala
dutti free batera sartu ginen. Hango gauzei begira genbiltzala, Turkish Airlineseko
loungea ikusi genuen, eta bertara gerturatu ginen. Orduan, gure atzetik zetozen bi leherketa hots entzun genituen, eta jendea builaka eta korrika hasi zen. Gu geunden tokitik 50 bat metrora izan ziren leherketak. Kea ikusten genuen, eta gu ere korrika hasi ginen. Eskailera batzuetan behera jaitsi eta aireportu barruko hotel bat ikusi genuen. Jendea hara sartzen ari zen, eta gu ere sartu egin ginen. Pixka bat segurua zirudien toki batean egon ginen makurtuta eta ezkutatuta.
Ordu laurden batera-edo, handik ateratzen ari ginela, berriz hasi zen zalaparta; jendea garrasika hasi zen eta izua zen nagusi. Estuasun horretan, Kuala Lumpurreko bikote batek beren logelara sartzen utzi zigun, eta han egon ginen armairuaren ondoan ezkutatuta, isil-isilik. Handik gutxira, hoteleko jendea etorri zitzaigun logelara, kanpora ateratzeko esanez. Aireportutik irteterakoan, gertaeraren tokitik pasatu behar izan genuen, eta han zegoen txikizioa... Aireportutik hirira eman gintuzten, eta hotel batean pasatu dugu gaua. Hotel hartakoei azaldu genien zer gertatu zen, baina hemen nahasmen handia dago. Informazioa nahasia da, gertatutakoaren bertsio bat baino gehiago dagoelako. Bueltako hegaldian ez dugu Istanbuletik pasatu nahi".