Jaialdia egingo dute Urola eta Karmelo Etxegarai ikastolek

Julene Frantzesena 2016ko eka. 17a, 12:58

Kiroldegian egingo dute jaialdia, 19:00etan hasita.

Inauteriak Karmelo Etxegarai Ikastolan Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik eta Urola Ikastolak ikasturte bukaerako jaialdia egingo dute gaur, 19:00etan hasita, kiroldegian. DBHko lehen mailako ikasleek emango diote hasiera jaialdiari, Ikastolak 50 urte emanaldiarekin. Ondoren, bi urteko haurrek Rockero apartak eskainiko dute. Haien ostean, 50 kolore ikuskizuna egingo dute 3, 4 eta 5 urteko ikasleek. Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailakoen txanda izango da ondoren, eta Larrain dantza egingo dute. Segidan, Sagarra jo emanaldia eskainiko dute Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako gaztetxoek. Koloretan blai! izango da azken emankizuna; Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek egingo dutena, hain zuzen. Emanaldi guzti horiek bukatzen direnean, Batxilergoa aurten amaitu duten ikasleei orlak banatuko dizkiete. Horren ondoren, 25 urtez ikastolan lan egin duten irakasleak omenduko dituzte. Ikasturte bukaerako jaialdia bukatzeko, Ikastolak 50 urte abestia kantatuko dute emanaldian parte hartu duten irakasleek eta ikasleek.

Zenbait ohar

Ikasleek 18:45erako bertaratu beharko dute kiroldegira, eta Landeta aldeko atetik sartu beharko dute barrura. Zestoatik Azpeitira autobusa izango da, eta 18:30ean abiatuko da geltokitik. Jaialdia bukatzean, kiroldegi aurrean izango da itzulerako autobusa. Sarreretan izendatuta daude eserlekuak, eta ezingo dira aulkiak gorde. Trafiko arazoak ekiditeko kiroldegira oinez joatea gomendatu dute antolatzaileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide