Urte berriarekin, urtarrilaren 1ean, hasi zuen Irene Larrañaga (Azpeitia, 1972) kazetariak argazkigintzari lotutako X/366 proiektua. Harrezkero, egunero, egunean bertan egindako argazki bat jartzen du Facebooken; gaurkoa 166.a da.
Proiektua martxan jartzeko ideia Formentera Fotografica ikastaroa egiten ari zela sortu zitzaion; izan ere, halako argazki proiektu bat martxan zuen donostiar bat ezagutu zuen han.
Larrañagak dioenez, "deskonektatzeko" balio dio proiektuak: "Lanez goraino nabilenean, deskonektatzeko modu bat da. Balio dit eguneroko estresetik ihes egiteko. Orduerdi edo ordubete eskaintzen diot argazkigintzari egunero, eta burua arintzeko balio dit".
Dena den, egun batzuetan, gertatu izan zaio 22:00ak jo, eta oraindik argazkia egin gabe edukitzea. "Halakoetan gertu dudan zerbaiti ateratzen diot. Hala eta guztiz, 166 egunetik 3tan gertatu zait horrelakorik. Joan den astean, adibidez, gizon bat ikusi nuen nire etxe ondoan txakurrarekin jolasean, eta argazkia atera nion. 07:30ak ziren, eta ja eginda nuen eguneko argazkia. Edozein izan daiteke unea, eta garrantzitsuena da kamera soinean izatea".
Egunero argazki bat atera behar izateak ez dio ahalegin berezirik eskatzen Larrañagari: "Afizioa da, eta, esaerak dioen moduan, gustuko tokian, maldarik ez".
Kaleko argazkilaritza
Kamera gainean duela ibiltzen da egunero azpeitiarra, zerbaitek atentzioa ematen badio haren irudia hartu ahal izateko. "Lehen hilabetea mugikorrarekin ateratako argazkiekin osatu nuen. Hura errazegia zen, eta ez nuen erronka moduan ikusten. Otsailean kamerarekin hasi nintzen, eta, ordutik, kamerarekin joaten naiz toki guztietara".
"Egunerokoan nire inguruan ikusten dudanari eta atentzioa eman didanari ateratzen dizkiot argazkiak. Baina konturatu naiz jendeari argazkiak egitea gustatzen zaidala. Pertsonak erretratatzea nahiago dut, paisaiei argazkiak ateratzea baino. Askotan argazkia egiteko toki bat izaten dut buruan, eta hara joan eta zerbait gertatu zain egoten naiz. Unea harrapatu nahi izaten dut. Argazkilaritza dokumentala edo argazki kazetaritza gustatzen zait, kazetari sena hor daukat".
Argazki bakoitzarekin "istorio bat" kontatzen saiatzen dela dio azpeitiarrak. "Helburua da istorioren bat kontatzea, baina, uste dut, askotan neuretzat gelditzen direla istorioak. Afizionatua naiz, eta ez dakit helburua lortzen dudan", azaldu du.
Facebook erakusleiho
Eguneko argazkiak Facebooken jartzen ditu ikusgai azpeitiarrak. "Egunero erabiltzen dut Facebook, eta baita Twitter eta Instagram ere, sare sozialak oso garrantzitsuak baitira gaur egun. Egunero argazkia igotzeko aproposa iruditzen zait Facebook, oraindik lotsa ematen baitit nire lanak erakusteak. Facebooken nire lagunek soilik ikus ditzakete irudiak, eta lagun arteko proiektu moduan ikusten dut X/366". Dena den, webgune propioa egiten ari da Larrañaga.
Argazkiei ukituak eman izan dizkiola dio; batez ere, mugikorrarekin ateratakoei. "Jendeak pentsatzen du izugarrizko mugikorra behar dela argazki onak egiteko, baina hiruzpalau euro ordindutako aplikazioekin ukituak emanda aski da".
Erretratuak 2017an
"Aurtengoa bukatzen badut, beste proiektu bati helduko diot 2017an", dio. Erretratuak egin nahi ditu datorren urtean, baina egunean bat egin ordez, astean bat kaleratu nahi du: "Urtean 52 argazki dira. Jende asko ari da proiektu hori egiten, eta gustatzen zait. Jendea beharko dut proiektua gauzatzeko, argazkiak egiteko prest dagoen jendea". X/366 proiektuarekin alderatuta, "desberdina" dela azaldu du: "Esku artean dudan proiektua egiteko ez dut inoren beharrik. Argia, kamera eta gogoa behar dira".