Iritsi da azpeitiarrek erabakitzeko eskubidea gauzatzeko unea

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko eka. 3a, 00:00

Igandean 'Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?' galderari erantzun ahalko diote azpeitiarrek. Egun osoan zehar ekitaldiak izango dira herrian.Dagoeneko dena edo ia dena prest da igandean Azpeitian independentziaz egingo den her...

Igandean 'Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?' galderari erantzun ahalko diote azpeitiarrek. Egun osoan zehar ekitaldiak izango dira herrian.

Dagoeneko dena edo ia dena prest da igandean Azpeitian independentziaz egingo den herri galdeketarako. Urtarrilean aurkeztu zutenetik hona, dozenaka ekitaldi egin dira herrian, eta askotariko atxikimenduak eta babes mezuak jaso ditu Hitzartuk deitutako galdeketak.

Herritarrek Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar? galderari erantzuteko abagunea izango dute igandean. Eta bi boto paper izango dituzte aukeran: Bai erantzunarekin bata, eta Ez erantzunarekin bestea. Paper horietako bat gutun-azalean sartuta bota beharko da hautetsontzira. Paper zuriak edo gutun-azal hutsak boto zuritzat hartuko dira, eta zerbait idatzita-edo duten paperak, berriz, baliogabetzat.

Egunotan ari dira boto paperak eta gutun-azalak etxez etxe banatzen, baina bozkalekuetan ere eskuratu ahalko dira horiek.

Bozkatzeko, zer agiri?

Boto-emaileek nortasuna, adina eta bizilekua egiaztatu beharko dituzte hautes-mahaira joandakoan. Horretarako, erabil dezakete NA, baldin eta bizilekuan Azpeitia agertzen bada. Bestela, NA eta errolda agiria edo EHNA, gidabaimena, pasaportea, AIZ (NIE) edo argazkidun edozein agiri ofizial eta errolda agiria aurkeztu beharko dituzte.

Hori bai, agiri horiek guztiek orijinalak izan beharko dute. Errolda agiririk ez dutenek, egunotan Hautesle-errolda Bulegotik etxeetara bidali dituzten errolda-txartelak ere baliatu ahalko dituzte botoa emateko.

12.142 boto-emaile

Azpeitian erroldatuta dauden eta ekainaren 5ean 16 urte beteta dituzten herritarrek eman ahal izango dute botoa. Maiatzeko datuen arabera, 12.142 herritar daude botoa ematera deituta. Dena den, Azpeitian erroldatuta dauden baina kanpoan direnek ez dute botoa ematerik izan, ezin izan dutelako jarri posta bidezko botoa emateko aukera.

Igandean bozkatu ezin dutenek, aurrez botoa emateko aukera dute Gure Esku Dagoren lokalean, Artzubia Hiribideko 7. zenbakian. Gaur da aurretiazko botoa emateko azken eguna: 10:00etatik 12:00etara eta 18:30etik 20:30era.

Bestalde, etxetik mugitu ezin duten pertsonentzat zerbitzu berezi bat jarri dute, eta gaixotasun edo ezintasunen bat dutenek etxetik eman ahal izango dute boza. Horretarako, eskaera egin beharko du boto-emaileak, hitzartuazpeitia@gmail.com helbidera idatzita, eta boto-emailearen etxera joango dira Jarraipen Batzordeko kideak.

Egunera begira, zer?

Igandean 09:00etan zabalduko dituzte hauteslekuak Azpeitian. Zortzi tokitan eman ahalko da botoa; izan ere, ohiko tokiez gain, hautes-mahaia jarriko dute Sanjuandegiko Jose Antonio Agirre plazan. Hauteskundeetan ez bezala, edozein mahaitan eman ahalko dute botoa herritarrek, baina hauteslekuak eraikinen kanpoaldean egongo dira. 20:00ak arte egongo dira zabalik; gero hasiko da kontaketa.

Herri galdeketaren emaitzak 21:30ak aldean jakinaraziko dituzte Hitzartuko kideek, eta orduan egingo dituzte egunaren gaineko balorazioak eta. Hala ere, egunean zehar parte-hartze datuak plazaratuko dituzte. Aurreneko datua 13:00etan emango dute, bigarrena 17:00etan, eta, azkena, 20:00etan.

200dik gora boluntario

Kontrol Batzordea, Jarraipen Jatzordea eta Begirale Taldea arduratuko dira galdeketaren prozedura bermatzeaz.

Hauek osatuko dute Kontrol Batzordea: Begoña Garmendia, Nagore Alkorta eta Alex Etxeberria.

Jarraipen Batzordea, berriz, honako hauek: Laxaro Azkune, Inaxita Bereziartua, Miren Odriozola, Elixabet Kanpos, Maria Jesus Aranburu, Alberto Frantzesena, Lourdes Goenaga, Iñaki Errazkin, Joxe Mari Galarraga, Begotxu Azkue, Libe Agirre, Mirari Bereziartua, Aitzol Iparragirre, Luxio Galarraga, Ane Gil, Marian Agirre eta Josetxo Aizpuru.

Begirale lanetan honako hauek ariko dira: Paul Rios Lokarriko koordinatzaile izandakoa, Eguzki Urteaga EHUko soziologia irakaslea, Joxe Arregi Deustuko Unibertsitateko irakaslea, Xoxe Gonzalez CIGeko (Confederacion Intersindical Galega) kidea, Xoan Muiñoz SCD Condado kultur elkarteko kidea, Mari Luz Esteban EHUko irakaslea eta antropologian doktorea, Lorea Agirre HUHEZIko irakaslea eta Jakin aldizkariko zuzendaria, Elisenda Paluzie ekonomian doktorea eta Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea eta Joseba Felix Tobar EHUko irakaslea.

Gainera, 200dik gora boluntario ariko dira igandean lanean, hala nola hauteslekuetan, muntaketan, ekitaldien prestaketan edo komunikazio lanetan. Egunean bertan ere lagundu ahal izango dute hala nahi duten herritarrek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide