Aurrenekoan, saria

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko eka. 1a, 09:00

Sukaldaritza ikasketetako lehen urtea egiten ari da Julen Galarraga azpeitiarra. Super Amara supermerkatu kateak antolatutako txapelketan lehen saria jaso berri du.

Julen Galarraga i-Super Chef saria jasotzen. (Super Amara) Lehenengo aldiz parte hartu sukaldaritza txapelketa batean, eta saria. Bide onetik hasi du Julen Galarraga (Azpeitia, 1999) sukaldaritza ikasleak "gustuko" duen horretako ibilbidea. Izan ere, Super Amara supermerkatu kateak antolatutako i-Super Chef lehiaketaren aurreneko edizioko lehen saria jaso du azpeitiarrak. Sukaldaritza ikasketetako lehenengo urtea egiten ari da Galarraga Donostiako CEBANC lanbide eskolan, eta han izan zuen txapelketaren berri. "Eskolan esan ziguten plateraren osagaiak eta egiteko modua bidali behar zirela lehiaketara. Plater polita egitea eta izen erakargarria jartzea zen nire asmoa, argazkirik gabe aukeratuko baitzituzten plater finalistak", dio. Itsaso eta mendi orientala Asmatu zuen plateraren izenarekin azpeitiarrak; izan ere, Atun tatakiari Itsaso eta mendi orientala izena jarri zion sukaldari gazteak, eta epaimahaiak egin zion izenaren aipamena finalaren egunean. Izenarekin ez ezik, platera osatzen zuten osagaiekin ere asmatu izango zuen: «Aurrez arroz ozpinarekin eta sojarekin marinatutako atun gordinezko tatakia prestatu nuen. Atuna fin-fin moztu, eta, guarnizio moduan. errukula eta ahuakate purea jarri nizkion. Eta wasabi mahonesa ere bai, pikante ukitua emateko. Hori guztia sojaz, arroz ozpinez, mandarina zukuaz, limaz eta jenjibre xehetuaz egindako saltsarekin lagunduta». Plater horrek eman zion Galarragari i-Super Chef sariketaren finalerako txartela. Finala Donostiako San Sebastian Food-en jokatu zen. «Epaimahaia osatzen zuten lau lagunek ordubete eman ziguten aurrez aurkeztutako platera prestatzeko. Denbora tarte horretan errazio bat prestatu behar genuen sei finalistok, eta, ondoren, beren balorazioa jakinarazi ziguten epaimahaikideek», azaldu du azpeitiarrak Txikitatik "gustuko" Joan den urtean bukatu zituen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak Galarragak, eta txikitatik "gustuko" zuena ikasten hasi zen: "Txiki-txikitatik gustatzen zait sukaldaritza. Amari laguntzen aritu izan naiz etxean, eta neure kasa ere jardun izan dut. Gainera, sukaldaritzaren inguruko telebista saioak ere ikusten ditut, eta garbi nuen sukaldean trebatu nahi nuela". 62 lagunek hartu zuten parte lehiaketan, eta espero ez bazuen ere, bera izan zen txapelketaren irabazlea. "Konpetentzia handia zegoen, eta ez nuen irabazterik espero. Finalista gazteena nintzen gainera, eta plater oso landuak egin zituzten besteek ere. Orain disfrutatu egin behar dut". Azpeitiarra "pozik" dago irabazitako 1.000 euroko sariarekin; eta aurreneko sariketa izanda, ez da gutxiagorako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide