Giltzatakoa, Enparan Dorretxearen etxaurrea, igel txiki bat, tapadun potoa... Ordenagailuz diseinatu, eta horrelako piezak ateratzen dira 3D inprimagailutik. Jolastekeko kideek halako gailu bat erosi dute Azpeitiko Udalaren iazko Sustapen Planari esker.
Jolastek proiektua hiru adarrek osatzen dute: programazioa, robotika eta 3D inprimagailua. Ikastaroetan horiek lantzen dituzte gaztetxoekin.
Proiektuaren helburua da gaztetxoei teknologia berriak gerturatzea, horiekin trebatzen has daitezen. Hala dio Enok Sudupe Jolastek proiektuaren sustatzaileetakoak: "Ikastetxe batean egin nituen irakaskuntzako masterraren praktikak, eta ikusi nuen teknologia ikasgaiaren metodologia zaharkituta zegoela eta lantzen ziren teknologiak ez zirela hain berriak. Etorkizuneko gizartean pentsatuta, teknologia berriak lantzen hasi beharra dago, eta horretarako metodologia kolaboratiboa proposatzen du Jolastekek. Talde lanean, erronka bidez lantzen dituzte teknologia berriak".
Kasu errealak oinarri
Lau lagun ari dira Jolastek proiektua gauzatzen, eta dagoeneko hainbat ikastaro eman dute eskualdean. Laster antolatuko dute besteren bat Azpeitian.
Proiektuaren sorreran, Azpeitiko ikastetxeetara jo zuten, Jolasteken nondik norakoak-eta azaltzeko, eta ondoren hasi ziren ikastaroak ematen. Gainera, eskualdeko ikastetxetako IKT, informatika eta teknologia mintegietako arduradunekin ere hasi dira lanean, "IKT zerbait transbertsala dela ulertuta".
Haurrentzako antolatzen dituzten ikastaroetan programazioa, robotika eta 3D inprimagailuak lantzen dituzte, kasu errealak abiapuntu hartuta. Material guztia euskarazkoa da, eta software librea erabiltzen dute beti. Haurrek, besteak beste, "bideojokoak egiten, gailu elektronikoei memoria edo adimena ezartzen eta ordenagailuan diseinatutako piezak inprimatzen ikasten dute", Suduperen arabera. Hark dioenez, "3D inprimagailuak aukera ematen du zerbait funtzionala eta pertsonalizatua egiteko, eta haurrek ordenagailuz marraztutakoa ukigai den pieza bihurtzeko".
Iraultza teknologikoa
Teknologiaren garrantzia azpimarratzeaz gain, 3D inprimagailuek dakarten aldaketa nabarmendu du Sudupek. "Bailarako zenbait enpresetan produkzioan hasterako piezak 3D inprimagailuan prestatzen dituzte. Industrian ez ezik, medikuntzan ere sartuta dago jada, eta baita eraikuntzan ere". Sudupek dioenez, "iraultza" ekar dezake teknologiak. "Etorkizunera begira, roboten eta pertsonen artean elkarbizitza izango dela diote, eta programatzen ikastea-eta oso garrantzitsua izango da. Izan ere, automatizatu egingo dira egungo zenbait lanpostu eta pertsonek sormeneko lanak eta emozionalak egin beharko dituzte. Besteak robotek ordezkatuko dituzte", azaldu du.