Ekainaren 10a bitarteko ostiraletan ligaxkako partidak jokatuko dituzte, bi taldetan banatuta. Partida guztiak 18:30ean izango dira, Izarraitz pilotalekuan. Finala uztailaren 1ean jokatuko dute.
Ostiralean hasiko da Azpeitiko XVII. Erremonte Txapelketa. Sei bikotek hartuko dute parte, bi taldetan banatuta. A taldean ariko dira Etxeberria IV.a, Zaldua, Matxin III.a, Labaka, Otaegi eta Ion. B taldean, berriz, Matxin VI.a, Agirrezabala, Segurola, Aizpuru III.a, Ansa II.a eta Larrañaga.Bi taldeek ligaxka bana jokatuko dute ekainaren 10a bitarteko ostiraletan, eta neurketa guztiak 18:30ean dira Izarraitz pilotalekuan. Hilaren 17an ez da neurketarik, Urrestillan eskuzko pilota partidak izango direlako, eta ekainaren 24an finalerdiak jokatuko dituzte. A taldeko lehen bikote sailkatuak Bko bigarrenaren aurka eta B taldeko aurrenak Ako bigarrenaren aurka neurtuko dituzte indarrak. Finala, berriz, uztailaren 1ean da. Partidetarako sarrerak egunean bertan erosi ahalko dira 2 eurotan.
Estitxu Elduaien Kirol zinegotziak esan duenez, «eskarmentu eta tradizio handiko» txapelketa da. Haren arabera, udalak erremontearen aldeko «apustu garbia» egiten du: «Badakigu ez duela beste kirol batzuek adinako indarra, baina Azpeitian pilotari asko eta erremonterako afizio handia dago». Oriamendi enpresakoek eskertu egin dute udalak «erremontea bizirik mantentzeko» egiten duten ahalegina.
Sarreren zozketa
Udalak partidetarako sarrerak zozkatuko ditu, eta gaur da izena emateko azken eguna. Zozketan parte hartzeko udaletxera deitu (943-15 72 00) edota udalzozketak@azpeitia.eus helbidera idatzi behar da.