Soreasu antzokian izango da emanaldia, 21:00etan hasita. Ostegunean ere, beste hiru film ikusi ahal izango dira. Igandean bukatuko da Mendi Astea, Xoxoteko egunarekin.
Herenegun hasi zuten maiatzeko Mendi Astea Txalintxoko egunarekin, eta datorren igandean bukatuko dute Xoxotekoarekin. Dena den, igandera arte hainbat egitasmo izango dira, hala nola Bilbao Mendi Film Festivaleko filmen emanaldiak.
Sei film, bi egunetan
Mendi Tour Azpeitiaren bigarren edizioa da gaur hasiko dena. Bilbao Mendi Film Festivalen emandako hiru pelikularen proiekzioa izango da 21:00etan hasita, Soreasu antzokian. Urzulo jaialdiko euskarazko film onena, Eclipse eta A line across the sky pelikulak ikusi ahalko dira.
Ostegunean ere emanaldiak izango dira Soreasun, 21:00etan hasita. Dominica, High and Mighty eta Jeff Lowe's Metanoia filmak eskainiko dituzte.
Bi emanaldietako sarrerak 8 eurotan daude salgai Sanagustin kulturgunean eta Mendizaleen tabernan. Emanaldi bakoitzerako sarrera solteak, berriz, 5 euro balio ditu.
Zineuskadik, Azpeitiko Zineklubak, Lagun Onak M. B.-k, Sokaitz Eskalada Klubak eta Sanagustin kulturguneak lagundu diote Bilbao Mendi Film Festivali emanaldiak antolatzen, eta Azpeitiko Udala babesle izan da.
Igandean Xoxoteko eguna
Larunbatean gaztetxoei zuzendutako eskalada ikastaroa izango da kiroldegian. Gauerdian, berriz, suzko erroberak botako dituzte Xoxoten.
Igandean, 09:00etan, hala nahi duten herritarrak plazatik oinez joango dira Xoxotera. Ondoren, 10:00etan, hasiko da Zuzenien Igoera Bertikala. Gero, 12:00etan, meza izango da, eta mendian hildakoen aldeko lore-eskaintza egingo dute, eta gaztetxoei sariak eta dominak banatuko dizkiete. 13:00etan ekainaren 5eko herri galdeketari babesa emateko argazki erraldoia aterako dute, eta 14:00etan hasiko da paella-jana. Gainera, egun osoan zehar erromeriaz gozatu ahal izango dute Xoxotera igotzen direnek.