Igoera faseko aurreneko neurketa irabazi du Lagun Onakek

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko mai. 22a, 20:46

Aviles taldearen aurka jokatu du lehen kanporaketako joaneko neurketa Garmendipen, eta 1 eta 0 nagusitu dira Turrillasen mutilak.

Partidako une bat. (Julene Frantzesena) Gaur, igandea, jokatu du Lagun Onakek Espainiako Bigarren B mailarako igoera faseko lehen kanporaketako joaneko neurketa Garmendipen. 1.300 bat zale bertaratu dira futbol zelaira; tartean, Avileseko zale ugari. Izan ere, Asturiareko Real Aviles taldea izan du  Lagun Onakek aurrez aurre, eta Azpeitiko taldeak lortu du hari aurre egitea. Lehen zatia hutsean bukatu bada ere, bigarren zatiko hamargarren minutuan egin du etxeko taldeak partidako gol bakarra; Erik Aranburuk sartu du. Itzulerako norgehiagoka datorren igandean, maiatzak 29, jokatuko dute Lagun Onakek eta Avilesek. Asturiasen izango da, 17:00etan hasita. Lagun Onak bertaratzeko autobusak antolatzen hasi da. Autobusa 08:30ean abiatuko da anbulatoriotik Avilesera, eta partida amaitutakoan itzuliko da. Partidarako sarrera eta autobusa 25 euro ordaindu beharko dira. Dagoeneko eman daiteke autobuserako izena Garmendipeko bulegoetan, eta osteguna izango da horretarako azken eguna. Gutxienez, 40 lagunek izena eman beharko dute autobusa antolatzeko.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide