Ruben Aranburuk eta Maite Etxezarretak irabazi dute 'Hartu Trena' eguneko krosa

Julene Frantzesena 2016ko mai. 21a, 11:56

Lasterketa burua lehen itzulian. (Julene Frantzesena) Lasterka egiteko tenperatura altuegiarekin, agian, baina krosarekin hasi da presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen aldeko Hartu trena eguna Azpeitian. Sare Herritarrak antolatuta, 11:00etan hasi da bost kilometroko lasterketa, eta gizonetan Ruben Aranburu (00:16:20) eta emakumeetan Maite Etxezarreta (00:19:33) nagusitu dira. Gizonetan bigarren postuan sailkatu da Aitor Madrazo (00:16:46) eta hirugarren izan da Jokin Lete (00:16:56). Emakumeetan bigarrena Nora Orbegozo (00:20:59) izan da eta Maitane Aizpuru (00:21:19) helmugaratu da hirugarren postuan. Emakumeen podiuma, beraz, azpeitiarrek osatu dute. Guztira, 180 lagunek hartu dute parte. Hemen, kroseko argazki bilduma: Krosa bukatu bada ere, ez da ekitaldirik faltako datozen orduetan herrian; izan ere, herri kirol erakustaldia, bazkaria, umeentzako jolasak, mus txapelketa, manifestazioa, elektrotxarangaren kalejira eta kontzertuak izango dira. Hemen, egitaraua osorik: 12:30. Herri kirol erakustaldia, plazan. Harri jasotzen: Xabier Gusta, Goenatxo III.a, Martin Mendizabal, Xabier Irolegi III.a eta Elias Perez. Mendizabalek eta Perezek marka pertsonala hobetzen saiatuko dira. Aizkoran: Mikel Larrañaga, Eneko Otaño, Julen Alberdi Txikia VI.a eta Jon Irazu. Gainera, haiekin batera, lokotxetan, txingekin eta zakuarekin ariko dira hainbat herritar. 14:00. Bazkaria, Berdura Plazan. 16:00. Mus Txapelketa Azkarra, Berdura Plazan. 15:00etatik 15:30era eman ahalko da izena bertan, eta bikoteko 10 euro ordaindu beharko da. Bikote irabazleak txapelak eta botila ardoak eskuratuko ditu. Bigarren egiten duen bikoteak, berriz, txuleta eta botila ardo bana jasoko dituzte. 16:30. Umeentzako jolasgunea, puzgarri eta guzti, plazan. 19:00. Manifestazioa plazatik abiatuta. Dispertsioarekin amaitzeko, hartu trena. Euskal presoak Euskal Herrira! lelopean egingo dute. Ondoren. Skandalue elektrotxarangaren kalejira. 23:00. Ezten Azpeitiko taldearen eta Gozategiren kontzertuak, plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide