Azpeitiko Udalak, Bertan Merkatari Elkarteak eta Sabadell Guipuzcoanok Azpeitian sinisten dugu merkataritza bultzatzeko kanpaina berria jarriko dute abian ekainean. "Tokiko merkataritzaren sustatzaile eta bultzatzaile" izatea dute helburu hiru erakundeek, eta merkataritza "funtsezko sektorea" dela azpimarratu dute. Hori dela-eta, "salmentak sustatzeko kanpaina" diseinatu dute. Egitasmoarekin bat egiten duten saltokietan kutxatilak jarriko dituzte, eta erosketa bakoitzeko (ez dago gutxieneko preziorik) 1.000 euroko zozketa batean parte hartu ahal izango dute bezeroek. Kanpainaren sustailzaeek esan dutenez, sari hori kanpainari atxikitako edozein establezimendutan trukatu ahal izango da. Gainera, beste 1.000 euro zozkatuko dituzte parte hartzen duten saltokien artean.
Kutxatilak ekainaren 1tik 30era arte izango dira dendetan, eta, bitarte horretan, Cállate la Boca etxeak diseinatutako Azpeitian sinisten dugu irudidun poltsa ekologikoak ere banatuko dituzte.