Larrañaga, Labaka, Zinkunegi, Gantzarain eta Maiz (E. Albizu Lizaso)
Azpeitiko Soreasu antzokia kulturaz betetzeko erronkari heldu diote Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak. Horretarako, proiektu bat lantzen ari dira, eragileekin eta herritarrekin elkarlanean. Josu Labaka Azpeitiko Udaleko Kultura zinegotziaren arabera, “erreferentea” da Azpeitia kulturaren esparruan, eta
“jauzi kulitatibo” bat eman nahi dute Soreasurekin: "Hori egiteko modu bakarra elkarlana da". Horretarako, ordea, “galdera asko” daude erantzuteko, Labakaren hitzetan, eta "parte-hartzearen bidez" aurkitu nahi dituzte erantzunak. Sanagustinen jarduna normalizaztuta eta erritmo onean dagoenez, erronka berriari heldu diote udalak eta Kultur Mahaiak.
Ainara Larrañaga Gazteria zinegotziak azaldu du
prozesu horretan herritar eta talde guztiak parte hartzea dela beraien helburua. "Uste dugu herritarrena dela Soreasu, eta horregatik egin behar da lanketa denen artean", azaldu du. Proiektua bideratzeko teknikari berria kontratatu du Kultur Mahaiak, udalaren bitartez, eta uda artean horretan jardungo du.
Urrian batzar bat egin zuen Kultur Mahaiak, eta
Soreasuren bueltan lanean jardungo duen lantaldea sortu zuten. Ordutik lanean jardun dute, eta oinarri batzuk finkatu zituzten urtarrilerako. Izan ere, Xabier Gantzarain teknikari berriaren arabera,
"beharrezkoa" zen duela urte batzuk eginiko planteamendua "berrikustea".
Bost eremutan banatu dute Soreasuren jarduna: hitza, soinua, irudia, transmisioa eta arte estenikoak. Talde eta herritarrei galdetu diete zer nahi duten egin Soreasun, zer falta den eta zerk egiten dien ilusioa. "Soreasuk izan behar du dinamoa kultur mugimendu indartsu bati argia emateko", nabarmendu du Gantzarainek.
Sormena sustraietan
Maite Maiz Kultur Mahaiko lehendakariak azaldu du beraien lanaren oinarri-oinarrian dagoela sormena. Maizen hitzetan, horrekin lotuta dago sormen beka.
"Sormenerako bada gaitasuna Azpeitian; eta, beraz, gunea egokitzeak zentzu handia du", azaldu du Maizek.
"Transmisioaren garrantzia" ere nabarmendu du lehendakariak, eta horretarako ere gakotzat jarri du Soreasu.
Bilera irekia bihar
Soreasuko eremuei forma emateko bilera irekia deitu dute biharko, larunbaterako, Kultur Mahaiak eta udalak. 10:00etan da hitzordua, Sanagustin kulturgunean, eta herritar zein talde guztiak daude gonbidatuta.