Ibarzabal eta Labaka udal zinegotziak eta Larreategi Codesyntaxeko langilea. (Eneritz Albizu Lizaso)
Azpeitiko Udaleko Zerbitzu Orokorretako sailak aplikazio bat sortu du herriko "lan txikiak" jarraitzeko. Barrura begira sortutako tresna bat bada ere, "herritarrei erantzun hobea emateko" garatu dutela azaldu du Josu Labaka Zerbitzu Orokorretako zinegotziak. Labakaren arabera, garrantzia berezia ematen diete lan txiki eta mantenuko obrei, herritarren "bizi kalitatean" eragin "zuzena" dutelako. "Tresnaren helburua da, beharrei eta herritarrek egiten dituzten eskaerei ahalik eta azkarren erantzu- tea, eta horretarako barne kudeaketa hobetzea", nabarmendu du.
Codesyntax informatika enpresak garatutako aplikazio horrekin, erakundeak egin beharreko lan guztien zerrendak eta arduradunak ikus ditzakete udal langileek, teknikoek, udaltzainek eta Zerbitzu Orokorretako zinegotziak.
Lan horiei "eraginkortasunez" erantzuteko baliabidea dela esan du Labakak. Beraz, haren arabera, obraren bat kolokan dagoenean "erraz" antzeman daiteke zer urrats falta diren hura bukatzeko. "Plataformaren bitartez, lanen gaineko kontrol zehatzagoa eramango dugu; zenbat eskaera egon diren, zenbat denboran erantzun zaien edota zenbat baztertu diren jakiteko", azaldu du Labakak. Datu horiek erabiliko dituzte, ondoren, "hobekuntzak" ezartzeko.
Azpeitiko Udalaren "gardentasun estrategiari" erantzuten dio aurkeztu duten aplikazioak, zinegotziaren hitzetan. "Kristalezko hormak dituen udala nahi dugu, eta hori lortzeko bidean pauso berri bat eman nahi dugu tresna honekin", nabarmendu du. Hori dela-eta, esan du lana egiteko modu hori, apurka, udal osora zabaltzea dela helburua: "Pauso gehiago emango ditugu aurrera begira, herritarrekin dugun arreta azkarragoa eta pertsonalizatuagoa izan dadin".
Lehen datuak
Otsailaren bukaeran jarri zuten abian aplikazio berria, eta 530 lan erregistratu dituzte ordutik zerrendan. Horietatik 400 obra bukatuta daude dagoeneko, Mikel Larreategi Codesyntaxeko langilearen arabera. Gainontzeko 130 lanak abian dira. Lanen edo eskatzailearen jatorria ere jasotzen du aplikazioak, eta Larreategik azaldu du obren erdiak herritarren eskaeraz eginikoak direla; eta beste erdiak, udal barrukoak.
Herritarrentzat irekita
Herritarrek beraien eskariak Internet bidez egiteko aukera ere jarri dute aplikazio berriarekin batera.
azpeitia.eus webgunearen bitartez bidal daitezke eskaera eta iradokizunak. Bertan galdetegi bat dago, eta norbere datuekin batera, eskaera bidal daiteke. Behin hori bete eta bidalita, udala harremanetan jarriko da eskaera egin duen herritarrarekin, zuzenean, eta hartutako erabakiaz jakinaren gainean jarriko dute.