Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak Eneko Ibarguren Kurku azpeitiarra, Nagore Garcia zumaiarra eta Ainhoa Baglietto zarauztarra auzipetu ditu, beste 44 lagunekin batera, «erakunde terroristako kide» izatea leporatuta.
11/2013 sumarioa da 47 lagunei irekitakoa, eta epailea maiatzaren 10ean hasiko da auzipetutuei lehen deklarazioak hartzen. Jake, Mate eta Pastor operazioetan atxilotutako kideak dira, Herrirarekin lotutakoak, abokatuak eta Etxerat nahiz Jaiki Hadiko kideak.
Epailearen arabera, «espetxe frontea» osatzen zuten auzipetuek, eta «ondo zekiten ETArekiko egiturazko dependentzia» zutela. Herrirari dagokionez, Amnistiaren Aldeko Batzordeek eta Askatasunak utzitako «antolaketa hutsunea» bete zuela dio Velasco epaileak. Gainera, sumarioan aparteko atal modura sartu du abokatuen eta Herriraren diru kontuekin lotutako auzi ekonomikoa. Zergak ez ordaintzea eta dirua zuritzea egotzi diete abokatuei, eta langileen segurtasunaren aurkako delitua Herrirakoei.
Ibarguren eta Garcia Herriraren aurkako polizia operazioan atxilotu zituzten, 2013ko irailaren 30ean. Lau egunera, urriaren 3an, utzi zituzten biak aske; Garciak 20.000 euroko bermea ordaindu behar izan zuen. Atxilotu osteko egunetan herritarren babesa zabala jaso zuten biek.
Herriraren sarekadan atxilotutakoak 2015eko urtarrilean deitu zituzten deklaratzera, Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelera, «langileen aurkako delitua» egotzita. Uko egin zioten deklaratzeari, «galderak ez zeudelako akusazioarekin lotuta».
Ainhoa Baglietto abokatua, berriz, 2015eko urtarrilaren 12an atxilotu zuten, beste 15 lagunekin batera, Mate operazioaren baitan. «ETA babestea eta dirua zuritzea» leporatuta atxilotu zituzten denak. Besteak beste, espetxeetako frontea osatzea, presoak adoktrinatzea eta 2012. eta 2013. urteen artean Ogasunean 1,3 milioi euro ez aitortzea ere egotzi zieten.
Orduan, Barne Ministerioak ohar bidez azaldu zuen Herrirak EPPK-ko presoen abokatuei ordaindutako dirua zela hori, eta operazioak «abokatuen kolektiboa ekonomikoki sostengatzen zuen finantza egitura desegitea eragin» zuela.
Hainbat protesta egin zuten Zarautzen, atxiloketak salatzeko. Baglietto urtarrilaren 14an, utzi zuten aske, bermerik gabe.