Azpeitiko Udalak etxebizitza alokairurako diru-laguntzak jarri ditu martxan beste urte batez. Udal ordezkariek azaldu dutenez, "premia duten kolektiboei (gazte, banandu, jubilatu, alargun...) behar horri erantzun eta gizarteratze prozesuan laguntzeko" eskainiko dituzte diru-laguntzak, eta 150.000 euro bideratuko ditu horretarako. "Azpeitian etxebizitzen alokairua sustatzea ere" lortu nahi duela esan dute udaleko ordezkariek: "Aurtengo diru laguntzak, aurreko urteetakoen jarraipen bat dira, irizpide orokorrak bere horretan mantendu ditugu, baina urtez urte, herriko behar errealetara egokitzeko eta laguntza premia duten guztiengana iristeko hobekuntzak egin ditugu".
Alokairua ordaintzeko diru laguntza honako hauek eska dezakete:
- 18 eta 35 urte bitarteko gazteak
- Mugikortasun urria duten pertsonak (7tik 15 puntura).
- Bananduta edo dibortziatuta dauden pertsonak (ebazpen judizial irmoa izan behar dute).
- 70 urtetik gorako personak.
- Alargunak.
Gainera, diru-laguntza eskatzeko ezinbestekoa da 10 urtean, gutxienez, Azpeitian erroldatuta egotea.
Laguntzen zenbatekoak
Azpeitiko Udalak hilean 550 euro edo gutxiago kostatzen diren alokairuen ordainketan laguntzen du. Eta diru-laguntzaren zenbatekoa, eskatzaileen diru-sarreren araberakoa izango da. 0,00 euro - 15.000,00 euro: Alokairuaren %50 ordainduko zaie. 15.000,00 euro - 21.000,00 euro: Alokairuaren %40 ordainduko zaie. 21.000,00 euro - 30.000,00 euro Alokairuaren %30 ordainduko zaie. 30.000,00 euro - 35.000,00 euro Alokairuaren %20 ordainduko zaie.
Diru-laguntza jasotzen dutenek, gehienez, hilean 250 euro jasoko dituzte, eta 12 hilabetean eskuratuko dute laguntza, asko jota. Alde Zaharreko etxebizitzen kasuan, baina, dagokion laguntzari beste 50 euro erantsi behar zaizkio. Edonola ere, gehienez, hilean 300 euroko diru-laguntza jasoko dute horiek.
Aurreko urteetan diru-laguntzak jaso dituzten herritarrei, berriz, gehienez, %25 murriztuko zaie 2016 urteari dagozkion diru-laguntzak.
Eskaera epea zabalik
Dagoeneko zabalik da diru-laguntza eskaera egiteko epea. Urriaren 15era bitartean egin ahal izango da eskaria udaletxean. Oinarriak eta eskaera orriak Azpeitiko Udalaren webgunean edota Azpeitia Berritzenen bulegoetan eskuratu daitezke. Informazio gehiagorako edota edozein zalantza argitzeko Azpeitia Lantzenera jo daiteke.
Alokairua sustatzeko nahia
Azken bi urteotan, 115 pertsonak eskuratu dute diru-laguntza. 2014an, gazteei zuzendutako diru-laguntzak jarri zituen abian udalak, eta 47 izan ziren laguntzen onuradunak. Iaz, zabaldu egin zuten diru-laguntza eskatzeko kolektiboen kopurua, eta 68 lagunek jaso zuten laguntza. Aurten, alargunek ere egin ahal izango dute eskaera. Eta, orain arte ez bezala, etxebizitza partekatzen duten guztiak izan ahalko dute laguntzaren onuradun, baldin eta alokairu kontratua pisukide denek sinatzen badute.
Azpeitiko Udala esan duenez, gaur egun "oso etxe gutxi" daude alokatzeko merkatuan. Hori dela-eta, etxebizitza alokatzeko moduan duten herritarrak horiek merkatura ateratzera animatu ditu udalak. Haren arabera, "diru-laguntza hauek jasotzeko, etxejabeei alokairua ordaindu diola ziurtatu behar du onuradunak, bestela ez dute laguntzarik jasotzen". Horregatik, udalak dio, "laguntza horiek etxejabeentzat ere bermea" direla.