Altuna y Uriaren 50 urteko ibilia ospatu dute Azpeitian

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko api. 7a, 00:00

Berrehun gonbidatu baino gehiago elkartu ziren atzo Sanagustin kulturgunean, Azpeitiko eraikuntza enpresaren mende erdiko jarduna ospatzeko.Altuna y Uria enpresak 50. urteurrenaren ospakizun ekitaldia egin zuen atzo, Sanagustin kulturgunean. Hain zuzen...

Berrehun gonbidatu baino gehiago elkartu ziren atzo Sanagustin kulturgunean, Azpeitiko eraikuntza enpresaren mende erdiko jarduna ospatzeko.

Altuna y Uria enpresak 50. urteurrenaren ospakizun ekitaldia egin zuen atzo, Sanagustin kulturgunean. Hain zuzen, eraikuntza enpresa horrek egin zituen kulturgunea egokitzeko lanak, eta bertan egin zuten ehunka lagun elkartu zituen ekitaldia. Enpresako kideak eta Uria familiakoak nahiz hainbat erakunde eta enpresatako ordezkariak izan ziren bertan.

Ekitaldia Reyes Prados kazetariak aurkeztu zuen, eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea izan zen hitza hartzen lehena. Etxeberriak Altuna y Uria enpresaren ibilbidea azpimarratu zuen, eta, Inaxio Uria, 2008an ETAk hil zuen Altuna y Uria enpresako burua, izan zuen gogoan. Etxeberriak esan zuenez, «zorretan» daude Altuna y Uriarekin: «Kitatzeko zaila den zorra da, eta ulertu behar da konpromiso gizatiar eta politiko bezala. Azpeitiarroi ez zaigu ahazten haren hilketa. Ematen du amesgaiztotik esnatuko garela, baina hor jarraitzen du Inaxio Uriaren hilketak eta haren memoriak. Denborak dena sendatzen duela diote, baina ez da egia. Sendatzeko beste tresna batzuk erabili behar ditugu. Halakorik ezin du berriz pasatu, eta iraganetik ikasi behar dugu. Sufritu dutenen eta Inaxio Uriaren oroimenaren errekonozimendua aldarrikatu behar dugu». Horrez gain, esan zuen ezin dela onartu «inolako biolentziarik», eta ez zegoela Uria hiltzeko «arrazoirik»: «Ez da onargarria, injustizia izan zen. Tamalez, askotan bakarrik sentitu zaretela uste dut. Barkamena eskatzen dizuet. Begiratu dezagun etorkizunera, etorkizun eraikitzaileak zarete-eta. Iraganeko onena berreskuratu dezagun, inoiz ahaztu gabe, etorkizun onena eraiki dezagun».

Haren ostean, Familia Enpresen Elkarteko lehendakari Javier Ormazabalek hartu zuen hitza. Gero, eraikuntza enpresan lanean 40 urte daramatzaten hiru langileri oroigarri bana eman zioten. Omenalditxo haren ondoren hartu zuten hitza Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Iñigo Urkullu lehendakariak, hurrenez hurren. Biek Altuna y Uriaren ibilbidea goratu eta euskal gizartean enpresek duten garrantzia azpimarratu, eta Inaxio Uriaren memoria aldarrikatu zuten.

Ekitaldiari bukaeran, Maria Uriak, enpresako lehendakariak, hitz egin zuen. Hark, besteak beste, 50 urteotako une esanguratsu batzuk aipatu zituen, eta eskerrak eman zizkien une gogorretan ondoan izan dituzten guztiei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide