Altuna y Uria enpresak 50. urteurrena ospatu du

Julene Frantzesena 2016ko api. 6a, 19:16

Berrehun gonbidatu baino gehiago elkartu dira Sanagustin kulturgunean, Azpeitiko eraikuntza enpresaren mende erdiko jarduna ospatzeko.

Altuna y Uria enpresak 50. urteurrenaren ospakizun ekitaldia egin du gaur, asteazkena, Sanagustin kulturgunean. Hain zuzen, eraikuntza enpresa horrek egin zituen kulturgunea egokitzeko lanak, eta bertan egin dute ehunka lagun bildu dituen ekitaldia. Enpresako zuzendaritzako kideak, langileak, Uria familiakoak eta hainbat erakunde zein enpresatako ordezkariak izan dira bertan. Ekitaldia Reyes Prados kazetariak aurkeztu du, eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea izan da hitza hartzen lehena. Etxeberriak Altuna y Uria enpresaren ibilbidea azpimarratu du, eta, Inaxio Uria, 2008an ETAk hil zuen Altuna y Uria enpresako burua, izan du gogoan. Hark esan duenez, "zorretan" daude Altuna y Uriarekin: "Kitatzeko zaila den zorra da, eta ulertu behar da konpromiso gizatiar eta politiko bezala. Azpeitiarroi ez zaigu ahazten haren hilketa. Duela zortzi urte gertatu zen, baina atzo zela dirudi. Ez sinestekoa da oraindik. Ematen du amesgaiztotik esnatuko garela, baina hor jarraitzen du Inaxio Uriaren hilketak eta haren memoriak. Ezin dugu atzera itzuli, egun haiek tristeak eta beltzak izan ziren Azpeitiko historiarentzat. Denborak dena sendatzen duela diote, baina ez da egia. Sendatzeko beste tresna batzuk erabili behar ditugu. Halakorik ezin du berriz pasatu, eta iraganetik ikasi behar dugu. Sufritu dutenen eta Inaxio Uriaren oroimenaren errekonozimendua aldarrikatu behar dugu". Horrez gain, esan du ezin dela onartu biolentziari eta ez zegoela Uria hiltzeko "inongo arrazoirik": "Ez da posible hilketa harekin ados egotea edo kontra ez egotea. Ez da onargarria, injustizia izan zen. Etorkizunerako gertutasuna erakutsi behar diegu familiakoei eta senideei. Tamalez, askotan bakarrik sentitu zaretela uste dut. Barkamena eskatzen dizuet, eta hori horrela ez izateko nire esku dagoen guztia egingo dut. Begiratu dezagun etorkizunera, etorkizun eraikitzaileak zarete-eta. Iraganeko onena berreskuratu dezagun, inoiz ahaztu gabe, etorkizun onena eraiki dezagun". Ondoren, enpresaren 50. urteurrenerako prestatutako bideoa eman dute, eta haren ostean Familia Enpresen Elkarteko lehendakari Javier Ormazabalek hartu du hitza; izan ere, Altuna y Uria familia enpresa da. Hitzartze horren ostean, eraikuntza enpresan 40 urte lanean daramatzaten hiru langileri oroigarri bana eman diote Altuna y Uriako ordezkariek. Eta omenalditxo horren ondoren hartu dute hitza Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusiak eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, hurrenez hurren. Biek ala biek, Altuna y Uriaren ibilia goratu eta euskal gizartean enpresek duten garrantzia azpimarratu dute; eta Inaxio Uriaren memoria ere aldarrikatu dute. Ekitaldiari bukaeran, Maria Uria Altuna y Uria enpresako lehendakariak hitz egin du. Hark enpresaren ibilbidea, gorabeherak, proiektuak, familia, eta, aita, Inaxio Uria, oroitu ditu. 50 urteko ibilbide horretako une esanguratsu batzuk ere aipatu ditu. 2012an "une oso gogorrak" bizi izan zituen enpresak, eta Uriak eskerrak eman dizkie egoerari buelta emateko lana egin zuten guztiei, bai enpresa barrukoei eta bai kanpotik bultzada eman zietenei. Beste batzuen artean, ekitaldian izan dira Altuna y Uria enpresako ordezkariak, Iñigo Urkullu lehendakaria, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea; Bakartxo Tejeria Gasteizko Legebiltzarreko lehendakaria; Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria; Arantxa Tapia eta Ana Oregi Eusko Jaurlaritzaren sailburuak; Jabier Larrañaga eta Denis Itxaso diputatuak; Andoni Ortuzar (EAJ); Julen Arzuaga, Xabier Olano eta Pello Urizar (EH Bildu); Jose Antonio Pastor eta Iñaki Arriola (PSE-EE); eta Borja Semper eta Maria Pilar Elias (PP) egon dira, besteak beste, gaur arratsaldean Sanagustinen. [flickr_set id="72157664542826824"]

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide