550 bat lagunek eman dute izena Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdian

Julene Frantzesena 2016ko api. 5a, 14:05

Apirilaren 14an bukatuko da roller proban, lasterketa herrikoian eta maratoi erdian izena emateko epea. Gaur egin dute probaren aurkezpen ofiziala, eta maratoi erdian parte hartuko duten nazioarteko zenbait lasterkariren izenak jakinarazi dituzte.

Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdiaren laguntzaileen eta babesleen ordezkariak, Diego Garciaren senideak eta probaren antolatzaileak. (Julene Frantzesena) Gaur, asteartea, aurkeztu dute Diego Garciaren Oroimenezko XXIII. Azpeitia-Azkoitia Maratoi Erdia, eta, horrekin batera, Gipuzkoako Txapelketa. Apirilaren 16an izango da kirola eta festa uztartuko dituen lasterketa, eta Agustin Jimenez Xeye Atletismo Taldeko kideak eta Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdiaren antolatzaileak adierazi duenez, "laguntza txiki askori esker egiten da handi lasterketa hau". Hitz horiekin, eskerrak eman dizkie lasterketaren eta horren bueltan antolatu diren egitasmo guztiak lagundu eta babestu dituzten erakunde, talde, enpresa, norbanako eta boluntario guztiei. Azpeitiko eta Azkoitiko udalen izenean, Estitxu Elduaienek eta Angel Martinek, esker hitzak izan dituzte probaren antolatzaileentzat. Elduaienek lasterketaren izaera narbarmendu du, eta zoriondu egin ditu antolatzaileak Diego Garciaren ametsa, eliteko lasterkariak eta herrikoiak batera aritzea, egi bihurtzea lortu dutelako. Apirilaren 16an hiru proba izango dira. Lehenik, 16:45ean, hasiko da roller lasterketa. Ondoren, 16:45ean, aterako dira lasterketa herrikoiko parte-hartzaileak, eta proba nagusia, maratoi erdia, 17:00etan hasiko da. Orduerdi atzeratu dute proba, aurten. Lasterketak hasi aurretik, eta minutuko isilunea ordezkatuz, Diego Garciaren familiako kideei aurreskua egingo diete Sahatsa Dantza Taldekoek. Izen-ematea zabalik Probaren eguna gerturatzen ari da, eta dagoeneko 550 bat lagun inskribatu dira. Dena den, oraindik ere eman daiteke izena, hala nola lasterketaren webgunean edo Robers Kirolaken Azpeitiko eta Donostiako dendetan. Atletismoan federatutako kideek 21 euro ordaindu beharko dute parte hartzeko, eta 24 euro federatugabeek. Apirilaren 7tik aurrera, baina, sei euro garestiago izango da izen-ematea. Bestalde, Robers dendetan 100 eurotik gorako erosketak egiten dituzten bezeroek dohain eskuratuko dute lasterketarako dortsala. Horrez gain, Oferplanek maratoi erdirako 100 dortsal jarri ditu beherapenarekin, eta 19 euroren trukean eskura daitezke. Maratoi erdia ez ezik, rollerren proba eta lasterketa herrikoia ere izango dira egun horretan Azkoitia eta Azpeitia artean. Bi proba horietarako izen-ematea zabalik da oraindik, eta probaren webgunean eman daiteke izena horietan. Lasterketa herrikoian parte hartu nahi duenak 10 euro ordaindu beharko du, eta rollerrenean ateratzeko, berriz, 12 euro. Bi horietako izen-ematea 5 euro garestiago izango da hilaren 7tik aurrera. Proba horietan guztietan izena emateko epea apirilaren 14ko, osteguna, gauean itxiko da. Jimenezek adierazi duenez, "iaz baino makalago doa izen-ematea, baina guk dortsal guztiak gastatzea nahi dugu". Maratoi erdian 1.200 lagunek har dezakete parte eta 500ek rollerren proban eta lasterketa herrikoian. Jimenezek "arduraz" jokatzeko eskatu die parte-hartzaileei. Izan ere, hark esan du izena eman gabeko jende ugari atera izan dela azken unean beste pertsona baten dortsalarekin, eta haiei erantzukizunez jokatzeko eskatu die, hori egiteak sor ditzakeen arazoak ekiditeko asmoz. Nazioarteko lasterkariak Ohiko legez, nazioarteko hainbat lasterkari izango da Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdian. Horietako batzuen izenak jakinarazi ditu Jimenezek gaurko agerraldian. Gizonetan, besteak beste, Emmanuel Bett (iazko maratoi erdiaren irabazlea), Edwin Koech, David Maru Kwemoi, Justus Kangogo, Moses Kipkosgei Bowen, Beyecha Tariku Bekele, Abraham Kiptum eta Tom Mutie. Emakumeetan, berriz, Fatima Ayachi, Marion Jepkirui Limo eta Liu Dong izango direla jakinarazi dute. Espainiako eta Gipuzkoako zein lasterkari izango diren ez dute zehaztu, horren berririk ez dutela jakinarazi baitu Jimenezek. Hark esan duenez, maratoi erdiko antolakuntzarako duten aurrekontua, eta, beraz, atleten kontratazioa %10 jaitsi behar izan dute, gastua handia zelako. Hainbat zerbitzu lasterketaren egunean Parte-hartzaileei ahalik eta zerbitzu osatuena emateko, autobus zerbitzuak eskainiko dituzte antolatzaileek. Donostiatik, Bilbotik eta Gasteiztik autobusak aterako dira Azkoitira. Lehenengo bi hirietatik 14:45ean aterako dira autobusak eta Gasteiztik 14:30ean abiatuta. 15:45ak aldean iritsiko dira Azkoitira, eta irteera puntutik 200 metrora utziko dituzte korrikalariak. Ondoren, 20:00ak edo 20:30ak aldean, Loiolako basilikaren aurrean hartu ahal izango dute itzulerako autobusa. Autobusa Bilbon edo Gasteizen hartzen dutenek, 13 euro ordaindu beharko dute joan-etorria; aldiz, Donostian hartzen dutenek, 11 euro. Autobuserako izena www.sportbus.es helbidean eman daiteke. Aldalur enpresarekin ere autobus zerbitzu berezia egongo da, eta Azpeititik irteerara eramango dituzte korrikalariak. Lehenengo autobusa 14:30ean irtengo da Azpeitiko igerilekutik, eta, ondorengoak, Ikasberri Ikastolaren aurreko biribilgunetik abiatuko dira. Azken autobusa 16:00etan abiatuko da handik Azkoitira. Autobus zerbitzuez gain, Azpeitiko igerilekuan, dutxa eta aldagela zerbitzuak jarriko dituzte, eta ludoteka zerbitzua ere izango da 3 eta 10 urte bitartekoentzat, 15:30etik 20:30era. Gainera, Loiolako Inazio Hiribidean jarriko duten helmugan Airteki esker pantaila handian jarraitu ahal izango da lasterketa; Azkoitira eta Azpeitira etorri ezin dutenek, bestetik, Internet bidez zuzenean ikusteko aukera izango dute. Horrez gain, Akesi zentruaren eskutik, masaje zerbitzua izango da helmugan. Lasterketa baino gehiago Aurtengo proba desberdina izango da; izan ere, kirola ez ezik kultura eta festa uztartuko dituzte Azpeitia-Azkoitia Maratoi Erdiaren egunean, aurreko egunetan eta hurrengoetan. Martxoan aurkeztu zuten Azkoitia-Azpeitia kulturala, eta dagoeneko hainbat egitasmo egin badituzte ere, bada zer gozatu datozen egunetan. Esaterako, bihar, asteazkena, ardo eta pintxo dastaketa izango da Azpeitiko Juantxo Txiki tabernan. Casa Primiciaren eta Juantxo Txiki tabernaren eskutik, bost ardo eta bost pintxo dastatu ahal izango dira 10 euroren trukean. Sarrerak salgai daude Juantxo Txikin bertan, eta 40 lagunek egin ahal izango dute dastaketa. Horrez gain, zapatuan, 11:00etan Azpeitiko Argazki Elkartearen eta Mikel Sanjuan tailagilearen erakusketa zabalduko dute Azkoitiko Torre Zuri aretoan. Erakusketari irekiera Martin Fizek eta Rodrigo Morok emango diote. 12:00etan, berriz, Puro Fiz dokumentala ikusi ahalko da Azkoitiko Baztartxo antzokian.

Egitaraua

Apirilaren 18ra arte. Felix Sanchezen argazki erakusketa, Juantxo Txiki eta ISB tabernetan. Azken sei urteetako argazki bilduma jarriko du ikusgai Argazkilari oñatiarrak. Apirilak 6. Lasterketako upategi ofizialaren eskutik, Ardo eta pintxo dastaketa. Bosna pintxo eta ardo hartzeko aukera izango dute joaten direnek, hamar eueroren truke. Mugatua da lekua, eta 40 txartel jarriko dituzte salgai. Apirilak 9. Azpeitiko Argazki Elkartearen eta Mikel San Juan tallista azpeitiarraren erakusketa Azkoitiko Torre Zuri aretoan. Martin Fíz eta Alberto Juzdadok irekiko dute erakusketa. Apirilak 9. Puro Fiz dokumentalaren emanaldia Baztartxo antzokian. Bertan izango dira Martin Fiz eta Rodrigo Moro, filmaren zuzendaria. Dokumentala amaitzean, mahai ingurua egingo dute Martin Fiz, Alberto Juzdado, Santi Perez eta Ramon Cid en partaidetzarekin. Moderatzailea Jesus Silvano izango da. Apirilak 14. 11:00. Diego Garciari buruzko emanaldia eta eliteko atletekin solasaldia. Azkoitiko elkargunean izango da, herriko gazteei zuzenduta. Apirilak 15. 11:00. Diego Garciari buruzko emanaldia eta eliteko atletekin solasaldia. Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean, herriko gazteei zuzendua. Apirilak 16, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia. (Egitaraua guztiz itxi gabe dago)
  • AZTE-ren eskutik, Azpeitiko alde zaharreko tabernatako pintxo lehiaketa.
  • Urola Gustagarri Running & Festa pintxo dastaketa. Azkoitiko eta Azpeitiko zenbait tabernetan pintxo lehiaketa egingo dute. Taberna guztiekin, mapa bat egingo dute.
  • Lasterketa garaian, animazioa, txalaparta, Urolatarra txaranaga, trikitilariak eta talde gehiago izango dira, han eta hemen.
  • AZTE tabernari elkarteak antolatuta, Hesian taldeak joko du plazan.
Apirilak 24. 12:30. Azkoitiko musika bandaren eskutik, kontzertu berezia, Balda plazan. Jose Miguel Laskurain Eibartarra izango da zuzendari gonbidatua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide