Sanagustineko eta Kultur Mahaiko kideak eta Udal ordezkariak, kulturgunean.
Sanagustin Azpeitiko Kulturgunea Kooperatiba Elkarteak, Udalaren laguntzarekin, joan den abenduan jarri zituen salgai kultur bonoak, laugarren urtez jarraian. Sanagustin kooperatibako kideek azaldu dutenez, herritarrei kultur ekitaldietara joateko "erraztasuna" ematea da bonoaren helburuetako bat, eta "emaitzek berresten dute erabiltzaileek aprobetxatu egiten dutela aukera hori".
Bonoa erosi duten herritarren %69,5ak deskontua jaso du, eta erdi prezioan eskuratu du txartela: horietatik %37 Gazte Txartelaren bidezko deskontuaz baliatu dira; %17 ikasle txartelaz; jubilatuen deskontuarekin bonoen %3,5 erosi dituzte, eta langabetuenarekin %7,9. Zozkatutakoa bonoak, berriz, %3,5 izan dira. Bestalde, bonoen %30,5 deskontu gabe saldu dira. Bono gehienak, %54,5, gazteek erosi dituzte, eta hori "berri pozgarria" dela uste diote Sanagustinekoek.
"Elkarlanetik abiatuta"
Kultur Bonoaren helburuak "kultur ekitaldien kontsumoa sustatzea eta handitzea, Azpeiti mailako kontsumoa bultzatzea, jendea herrian gera dadin edo Azpeitira etor dadin sustatzea eta herritarrek bonoaren bitartez abantaila ekonomikoak izatea" direla esan dute kulturguneko kideek. Bonoaren egitasmoak Sanagustinen eta Udalaren arteko Eguteki Bateratuaren eskaintzarekin jarraitzea ahalbidetu die biei ala biei, eta halako proiektuetan "elkarlana eta indar metaketa" garrantzitsuak direla azpimarratu dute.
Gainera, eskerrak eman dizkiete kultur bonoaren erabiltzaileei: "Bonoa ahalik eta gehien erabiltzera animatzen ditugu; izan ere, kulturak batu egiten gaitu, kulturak hezi egiten gaitu eta kulturak hazi egiten gaitu, norbanako gisa eta herri gisa".