Agirre, Etxeberria, Buces eta Elduaien, liburuarekin. (Eneritz Albizu Lizaso)
Aranzadi zientzia elkarteak eta Azpeitiko Udalak 36ko gerratik hasi eta errepresio frankista bukatu artean Azpeitian izan diren biktimen izenak eta haien testigantzak bildu dituzte bi liburukitan. Hauek dira argitaratu dituzten bi lanak: Giza eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoko garaian eta Memoriaren izenak. Azpeitiaren aurretik, honako udalerrietan egin ditu halako lanak Aranzadik: Tolosan, Aian eta Leioan. Orain, beste herri batzuetan ere ari dira lanketa hori egiten. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak esan du "egi ofizialari" buelta ematea lortu dutela, "herriaren eta pertsonen memoria bizirik" dagoelako. "Galtzaileen liburua da hau, eta eskerrak ematea tokatzen zaigu galdu eta sufritu zutenei. Haien ereduagatik gara garenak, haiengatik ditugu gure ohitura, askatasun eta kultura", adierazi du alkateak.
Juan Agirre Aranzadiko zuzendaritzako kideak eskerrak eman dizkio udalari ikerketa egiteko aukerarengatik. Euskal Herrian Azpeitia "erreferentzia" dela esan du Agirrek: "Euskalduna, Euskal Herriaren bihotzean dagoena, kristau ohituretakoa; nahiko bakean bizi zena, baina asko sufritu zuena". Aranzadiko kideak uste du herri guztiek merezi dutela halako lanak egitea, "egiaren bila" aritzea.
Jabi Buces Aranzadiko historialariak idatzi du liburua, bi urtean. Artxibo lanez gain, herritarren testigantzak ere jaso ditu Bucesek; hain zuzen, 40 azpeitiarren laguntza izan du horretarako. Hark bereziki eman dizkie eskerrak beraien egia kontatu dioten guztiei, "hitza hartu" dutenei eta "ahanzturatik atera" direnei.
Zifrak eta sentimenduak
Buces historialariak landutako liburuan oroitzapenak, sentimenduak, gertaerak eta zifrak ageri dira. 8.000 bizilagun inguru ziren garai hartan Azpeitian, eta %14k pairatu zuen injustiziaren bat, Bucesen arabera; alegia, 1.100 herritar baino gehiagok. Honakoen berri eman du idazleak: Azpeititik ihes egin zuten 800-1.000 lagun inguruk; 163 herritar joan ziren auzitegi militar frankisten gerra-kontseiluen ondorioz, eta haietatik 50 giltzapeturik edo esklabu gisa egon ziren, kontzentrazio esparruetan edo langile bataloietan. Etxetik ehundaka kilometrora zeuden kartzeletara preso eraman zituzten beste asko; 77 beraien lanpostuetatik kendu zituzten, eta zigor ekonomikoak jaso zituzten 35ek. Hamarnaka herritar deserriratu zituzten, eta lan gogorrak egitera behartu zituzten. Emakumeak ere izan ziren garai haietako biktima; ilea moztera behartu zituzten, besteak beste.
Aitorpena, martxoaren 19an
Datorren larunbatean, hilaren 19an, Azpeitiko Udalak eta Aranzadik liburua aurkeztu eta omenaldia egingo die biktimei eta haien familiei, Sanagustin kulturgunean, 12:00etan.
Etxez etxe banatuko dituzte gonbidapenak, irekia baita ekitaldia. Bertan liburuak hartzeko aukera izango dute herritarrek doan. 1.000 ale daude, eta gastatu bitartean banatuko ditu udalak.
Javi Buces: "Urte asko daramatza isilik jendeak, eta haien hitzek balio handia dute"
"Herriaren historia, beraien historia" ezagutu ahal izateko, datorren larunbateko aurkezpenera gonbidatu ditu azpeitiarrak Jabi Buces liburuaren idazleak (Sevilla, Espainia, 1982).
Nola izan ziren proiektu honen hastapenak?
Euskal Herriko lau udalerritan egin ditugu halako liburuak: Tolosan, Aian eta Leioan. Herri guztiek ikusten dute kolokan duten gauza bat dela, egin beharrekoa. Badakigu gerran zer gertatu zen, baina modu orokorrean; gure udalerriei eta herritarrei nola eragin zien ez digute kontatu. Gautegiz-Arteaga eta Urdaibain ari gara orain lanean.
Asko aldatzen da udalerri batetik bestera lana egiteko modua?
Bai, batik bat, herriaren tamainari begiratzen badiogu. Ez da gauza bera 500 biztanleko udalerria edo 14.000koa. Herriaren izaerak ere aldatzen du kontua: herri industrialetan kanpoko jendea egon ohi zen, eta zailagoa da haien urratsak jarraitzea. Leioan, esaterako, Espainiako jende asko zegoen, eta Azpeitian, ez horrenbeste. Ez da gauza bera artxiboan Angel Perez Lopez baten bila hastea edo Bereziartua Arregiren bila jardutea. Errazagoa da euskaldunak aurkitzea. Azpeitia udalerri handia izan arren, jendea bertakoa zen. Gainera, sozialki oso herri itxia zen, ia karlistak eta nazionalistak bakarrik bizi ziren hemen.
Zergatik zituen ezaugarri horiek?
Arrazoi bat izan daiteke paisajea, mendi artean egotea. Bestalde, bertako lantegietan, herriko jendeak egiten zuen lan. XX. mendera arte karlistak edo eskuineko nazionalistak ziren inguru hauetakoak, erlijiosoak. Espainiako gorriak, errepublikarrak, ez ziren ohikoak Azpeitian; etorkinak ziren gehienak, eta ez zeuden oso ondo ikusiak. Herriko giroa ez zen oso ona guk aztertu dugun garaian. Izan ere, anaiak ziren karlistak eta nazionalistak, eta ez zegoen oso argi bi ideologien arteko muga non zegoen.
Bi teknika erabili dituzu liburuak osatzeko. Artxibo lanetan, esaterako, zer zailtasun izan dituzu?
Artxibo militarrak oso zailak dira berrikusteko, eta haiek dauzkate epaiketa guztietako izapideak, presoenak eta abar. Elizako artxiboekin ere izan ditugu arazoak, datuen babeserako legea dela-eta. 50 urte igaro behar dute haiek kontsultatzeko, eta urte horiek pasatuta ere, askotan ez dizkizute erakusten. Dena den, udaletxeko aktak ikusteko ez dugu izan arazorik.
Artxiboak ez dira izan zuen iturri bakarra.
Dena ez dago artxiboetan. Paperetan agertzen ez diren izen asko lortu ditugu testigantzen bidez. Deserrira joan behar izan zuten herritar asko daude; eta, jakina, haiek ez dira agertzen dokumentuetan. Zenbait errepresio mota ere ez daude artxibatuta: emakumeen aurkako tratu txarrak, ilea moztea eta abar. Eskoletan umeek jaso zituzten irainak ere ez daude inon idatzita: gorrien haurra, nazionalistaren haurra... horrela deitzen zieten, eta haiek ere biktima dira. Garrantzitsuak dira kasuok guretzat.
Herritarren hitzak ekarpen berezia egin diote errelatoari?
Bai, eta lehentasuna eman diegu herritarrei. Urteak daramatza jendeak isilik, eta haien hitzek balio handia dute. Zenbait kasutan, herritarrek lehen aldiz hitz egin dute beraien familiari buruz. Oso emozionantea da hori.
Zer nabarmenduko zenuke lan honetatik?
Emakumeen historia eta istorioak. Oso gogorrak dira, eta ez daude artxiboetan jasota. Andreek asko sufritu zuten; familia osoa gerran zuten, eta beraien ume txikiekin gelditu ziren, janik gabe, deserrituak eta sufrimenduz gainezka. Ez da kasu bakarra, errepikatu egiten da.