Eusko Jaurlaritza osatzen ari den suhiltzaileen lege proiektua hautsak harrotzen ari den honetan, hainbat suhiltzaile boluntariori harrera egin zien Gipuzkoako Foru Aldundiak joan den astean. Urolako (Azpeitia), Goierriko (Ordizia) eta Korostiko (Legazpi) parkeetako hogei bat boluntario izan ziren omenaldian, eta egindako lana eskertu zien aldundiak. Izan ere, aurrerantzean ez da suhiltzaile boluntariorik izango parke horietan. Gipuzkoako Foru aldundia pausoak ematen ari da Suak Saihesteko eta Itzaltzeko eta Salbamendurako Foru Zerbitzua osatzeko, eta bide horretan hartu du erabakia.
Suhiltzaile kaskoak kendu dituzten dozenaka gipuzkoarretako bi dira Iñaki Etxezarreta (Matxinbenta, Beasain, 1948) eta Iñigo Iriondo (Urrestilla, Azpeitia, 1962). Biak Azpeitiko suhiltzaile parkean aritu dira urteetan lanean. Etxezarreta 1991. urtean hasi zen boluntario lanean; urte batzuetara batu zen taldera Iriondo, 1995ean. Orotara, 25 eta 21 urte egin dituzte suhiltzaile lanean, hurrenez hurren. Urte horietan guztietan, lantaldeak ez ezik, lan egiteko moduak ere bilakaera izan duela diote biek: "36 boluntario izatera iritsi ginen, eta 13 izan gara azken urteetan. Hasieran, etxeetako eta basoetako suteez eta lokaletatik ura ateratzeaz soilik arduratzen ginen, eta, gerora, istripuetara-eta bertaratu behar izaten genuen. Profesionalek egiten zituzten lanak egiten hasi ginen".
Casto Orbegozo Enbil alkate zela sortu zuen Azpeitiko Udalak suhiltzaile boluntarioen taldea, 1922an. Etxezarretak dioenez, orduan "bitarteko askorik ez", eta "ahal zen moduan" ibiltzen omen ziren. Urteek aurrera egin ahala, osatzen joan zen suhiltzaileen taldea, eta, 1983an, hitzarmena sinatu zuten udalak eta aldundiak. Akordio haren arabera, Azpeitiko suhiltzaileek Urola erdialdean lan egin beharko zuten aurrerantzean, eta udalak materiala ekarri beharko zien behar bezala lan egiteko.
Irakurri
artikulu osoa Gipuzkoako Hitzaren webgunean.