Elkarretaratzea egingo dute bihar, ostirala, Azpeitiko plazan, Pasaiako segada argitzeko eskatuz, 19:00etatik aurrera. 1984ko martxoaren 22an izan zen segada. Espainiako Poliziak egindako operazioan Komando Autonomo Antikapitalistetako lau lagun hil ziren: Dionisio Aizpuru
Kurro eta Pedro Mari Isart
Pelitxo azpeitiarrak, Rafael Delas iruindarra eta Jose Maria Isidro Izura txantrearra.
Asteartean onartu zuen ohiko udalbatzan Pasaiako segadaren inguruko mozioa udalak. Bertan berretsi zuten, aho batez, biktimen familia eta senideak babesten jarraituko dutela.
Pello Aizpuru
Kurro-ren anaiak eskerrak eman zizkien udaleko kideei "babesarengandik". Halere, azaldu zuen biktima bezala, "oso baztertuak" sentitzen direla, "inork ez duelako ezer jakin nahi" beraien inguruan. Jaurlaritzaren Gogora erakundearekin ere harremanetan jarri baziren ere, "oraindik haien deiaren zain" daudela esan zuen Aizpuruk. "Beste erakundeetatik ez da inoiz gerturatu inor gugana", esan zuen.
Donostiako 2. Instrukzio Epaitegiak duela aste batzuk jakinarazi zien Pasaiako segadan hildakoen familiakoei
auzia artxibatu zutela. Familiek eta Azpeitiko Udalak
helegite bana aurkeztu dute, auzia ez artxibatzea eskatzeko.