Asteburuko euriteak tarteko,
uholdeen aurkako protokoloa jarri zuen abian zapatuan Azpeitiko Udalak, "herritarren segurtasuna bermatzeko eta urek ahalik eta kalte gutxien eragin zezaten". Josu Labaka zinegotziak azaldu duenez, "protokoloak ongi funtzionatu du, eta ez da ezer larririk gertatu". Dena den, asteburuan izandako kalteak aztertzen eta konpontze nahiz txukuntze lanetan ari dira udal langileak. "Ahal izan dugun guztiari asteburuan bertan eman diogu irtenbidea", azaldu du Labakak. Udalari ez dagozkion arazoen konponketei dagokionez, "abisuak pasatuta" daudela adierazi dute. Honako hauek izan dira euriteek sortutako arazo nagusiak:
- Azpeitia eta Azkoitia arteko GI-631 errepidean, Olazko biribilgunetik Loiolarako bidean, ur potzu handi bat sortu zen zapatu arratsaldean. Arazoa konpondu bitartean, trafikoa moztu zuen Udaltzaingoak eta Loiolako bide zaharretik bideratu ziren autoak,18:15etik 21:15era bitartean.
- Madalenako ospitalearen aurrean, gainezka egin zuen Urola ibaiak eta ingurua urez bete zen. Horregatik, Madalena auzoa gurutzatzen duen GI-631 errepidea itxi egin zen, eta bertan zeuden ibilgailuak kentzeko eskatu zitzaien haien jabeei. Errepidea itxita izan zen igande goizera arte.
- Enparan kaleko etxeen azpiko garajeetan ura sartzen hasi zen. Udaltzaingoak ibilgailuak bertatik ateratzeko abisua eman zien jabeei. Ur asko sartu zenez, suhiltzaileak bertaratu ziren ura ateratzera.
- Munategin luizia izan zen, eta baserrietarako sarbidea moztuta gelditu zen. Zapatuan bertan Jabier Maiz zerbitzu orokorretako burua joan zen ingurua aztertzera. Momentuan ezin izan zen ingurua garbitu, baina igande goizean txukundu zuten.
- Garmendi auzoko etxe atari baten aurrean, putzu handia sortu zen. Ura bideratzeko kutxatila hostoek oztopatu zuten, eta etxe ataritik ezin irtenda gelditu ziren bizilagunak. Abisua jaso bezain pronto joan zen zerbitzu orokorretako burua tokira, eta arazoa konpondu zuen.
- Hilerritik Abitain baserrirako errepidea urez bete zen zapatu arratsaldean, errekak gainezka egin zuelako. Ez da hori gertatzen den lehen aldia, eta inguruko bizilagunek eskatu bezala, Azpeitiko Udalak konponbidea emateko azterketa egingo du.
- Igandean, Atxumarriaga baserrira bidean eta Olarue eta Arlizeta bidean (Aratzerrekan) luiziak izan zirela jakinarazi zuten, eta bi behargin joan ziren ingurua garbitzera.