Equo alderdi politikoak salatu egin du
Azpeitiko zezen plazan ahari jokoak egin izana. Sare sozialetan zabaldutako bideo baten bitartez izan zuten haien berri Equo taldeko kideek, Ana Moreno ordezkariaren arabera, eta ikertzen hasi ziren. "Harrituta" gelditu ziren ekitaldi horrekin, Morenok azaldu duenez. Izan ere, "legez kanpoko jarduera" bat da. Equo-koak esan du harremanetan jarri direla Azpeitia inguruko jendearekin, eta jakin dutela "ohikoa" dela halakoak egitea.
Hori dela-eta, hiru salaketa jarri dituzte: Animalien Babeserako Legea eta Ikuskizun Publikoen eta Aisialdi Ekintzen Legea ez errespetatzeagatik salaketa administratiboak, eta animaliei tratu txarrak emateagatik penala. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzarekin eta Aldundiarekin jarri dira harremanetan honakoak adierazteko: batetik, han ziren animaliak identifikaziorik gabe zeudela, beraz, litekeena dela beharrezkoak diren albaitarien azterketak pasatu ez izana; bestetik, zalantza dutela Azpeitiko Udalak eskatu ote duen baimenik zezen plazan halakorik egiteko. Izan ere, Morenoren hitzetan, zezen plazak zezenketentzat dira; eta, bestelakoak egiteko, beste baimen bat lortu behar dute.
Ekintza salatu dute
Equo taldeak ez dio salaketa erakunde, elkarte edo pertsona jakin batzuei jarri: "Guk ekintza bera salatu dugu Gipuzkoako Ingurumen fiskaltzan, eta haiek ikusiko dute nor aztertu behar duten". Bestalde, Morenok azaldu du Azpeitiko Udalarekin hitz egiten saiatu direla: "Galdetu nahi niena zen ea ekintza horien berri bazuten eta zer jarrera zeukaten gaiaren inguruan". Hark nabarmendu du udalarekin hitz egiten saiatu ostean erabaki zutela salaketa jartzea.
Azpeitiko Udalak azaldu du ez duela "inongo ikuskizunik" antolatzen zezen plazan. Erakundearen arabera, 1941ean utzi zien udalak zezen plaza herritar batzuei herri kirolak eta halakoak egin zitzaten.
Bestalde, esan dute Oinatz animalista taldekoek eman zietela ahari jokoen berri, eta "gaia aztertzen" ari direla. "Zezen plazaren kudeaketaz arduratzen diren herritarrei jakinarazpen bat bidali zaie esanez ahari jokoren bat antolatzekoak baziren, bertan behera uzteko", azaldu dute.
2016an ahari jokorik ez dela egin ziurtatu du udalak; beraz, adierazpen horien arabera, Equok froga gisa erabili duen bideoa ez da oraingoa. Dena den, urritik abendura eta apiriletik ekainera bitartean izaten dira proba horiek. Horrez gain, erakundeak esan du ez dituela onartzen "animalien gaineko tratu txarrak": "Legea zorrotz betearazteko erabakiak hartuko ditu udalak". Horregatik eskatuko die "erabilera egokia" egiteko zezen plaza kudeatzen dutenei.