Nicolas Oteiza
Kaito (Azpeitia, 1943) hil da bart, osasun arazoak tarteko. 1977tik 2000. urtera arte argazkigintzan, bideogintzan eta Kaito telebistan hainbat lan egin zuen azpeitiarrak. Egindako lan guzti hori aitortzeko, Azpeitiko Kultur Mahaiak
ohorezko bazkide izendatu zuen Kaito joan den urteko uztailean.
1977ko martxoan argazkilari bezala hasi zen lanean Azpeitian, bere aitaren dendan. 1985ean hasi zen lehenengo bideo grabaketak egiten, eta urtebetera telebista moduko bat jarri zuen martxan. 1990ean Ezkerretegi baserritik hasi zen emititzen eta, modu horretan, herritar gehiagok izan zuten telebista kate hura ikusteko aukera. 1992an Azkoitiko Itxosta baserria jarri zuen emisiogune, eta Azpeitia eta Azkoitira osora emititzen zuen. 1996tik 2000. urtera bitartean Hondarbide gaineko etxean eduki zuen telebista Kaitok, eta 2000. urtean, osasun arazoak tarteko, haren seme Urtzik hartu zuen aitaren erreleboa. Zazpi urtez, semearen bidelagun izan zen Kaito, eta 2007an hartu zuen erretiroa. Urte hartan sartu zen indarrean lurreko telebista digitala; Kaito Telebista emisorea betiko itzali eta Erlo Telebista jaio zen.
Kaitoren aldeko hileta elizkizuna bihar, asteartea, izango da, 19:00etan, Soreasuko Sebastian Donearen parrokian.