ELAko kideak atzo eskainitako agerraldian. (Julene Frantzesena)
Urola Kostako ELAko ordezkariek agerraldia egin zuten atzo, euskal administrazio publikoan lan egiten duten azpikontratatutako beharginen lan baldintzak salatzeko.
Sindikatuko kideek azaldu zutenez, 55.000 langile baino gehiagok egiten dute lan administrazio publikoak azpikontratatuta, eta "lan baldintza oso kaskarrak" dituzte: "Ez daukate ez lanpostuen jarraikortasunik eta ez segurtasunik. Egoera horrek gero eta baldintza prekarioagoak onartzera daramatza, eta euskal administrazio publikoak paraleloki kontratatzen dituen langile horien artean hedatzen ari dira estatuko hitzarmenak, langileen estatutuaren aplikazioa nahiz miseria".
100.000 sinadura
ELA 2013ko urrian hasi zen administrazioak azpikontratatutako langileen lan baldintzak hobetzea eskatzeko Herri Ekimen Legegilea aurkezteko sinadurak biltzen. 2014ko apirilerako 110.000 sinadura bildu zituzten: "Inoiz Euskal Autonomia Erkdiegoan batu den sinadura kopuru handiena".
Sindikatuak hiru baldintza hauek betetzea eskatzen die instituzioei: "Azpikontratatutako langileek lanpostuan jarraitzeko eskubidea izan dezaten subrogatzea bermatzea, edozein enpresa aldaketa gertatuta ere; indarrean dagoen hitzarmena ezartzea; eta klausula horiek edo lan legedian agertzen direnak betetzen ez dituzten enpresak zigortzea".
ELAko kideek adierazi zutenez, baina, "patronalak hasieratik egin du egitasmo horren aurka, eta subrogatzea astakeria dela adierazi digu". Gainera, sindikatuko kideen aburuz, "tristea" da instituzioek patronalaren "estrategiarekin" bat egin izana: "ELAk aurkeztutako Herri Ekimen Legegilea, hainbat traba instituzional pasatu ostean, otsaileko plenoan atzera botako dute Eusko Legebiltzarrean, EAJ, PSE-EE, PP eta UPDren botoekin. EH Bilduk soilik azaldu du egitasmoari babesa emateko asmoa".
Herriz herriko borroka
"Prozesuaren garrantzia eta alderdi politikoen jarreraren larritasuna ikusita", Urola Kostan hainbat ekintza egingo ditu ELAk. Besteak beste, kalera aterako dira herritarrei informazioa banatzera. Gainera, arazoa herriz herri, baldintza-agiriz baldintza-agiri borrokatuko dutela adierazi dute.
Horrenbestez, datozen asteetan kalera aterako dira. Otsailaren 23an Azpeitian izango dira informazioa banatzen eta martxoaren 1ean Zarautzen. Zumaian ere kalera ateratzea aurreikusten dute, herritarrak informatzera, baina ez dute data zehaztuta.