"Ardura falta" salatzeko, Azpeitia eta Lasao arteko bidegorriaren bazterretan pilatutako zikinkeria erakusten duten bi argazki bidali zituen herritar batek joan den astelehenean Uztarriara. Salaketa horren karietara, oharra plazaratu du Azpeitiko Udalak, ingurua garbi mantentzea "denon ardura" dela azpimaratuz; izan ere, udalaren aburuz, "garbi mantentzeko lehen pausoa ez zikintzea da". "Herria garbi mantentzea herritar guztion esku dago. Bide horretan, herria txukun mantzentzeko arduraz herritarrak eta, batez ere, gaztetxoak kontzientziatzeko Urola ibaia garbitu ohi da urtero auzolanean", gaineratu dute.
Udalak dio herria txukun mantetzeko "baliabide eta indar ugari" jartzen dituela. Horren harira, azaldu du 2016rako, kale garbiketarako udal aurrekontua 625.000 eurokoa dela, eta hamalau udal langile aritzen direla garbiketa lanetan: "Madalenatik Loiolara bitarteko auzo eta kale guztiak garbitzen dira egunero, baita Urrestilla ere". Dena den, guztia txukun mantentzea ez dela "erraza" adierazi dute udal arduradunek, eta ez dagoela "soilik Udalaren esku" azpimarratu dute. "Garbitzea gure ardura da, bai. Baina garbi mantentzea herritar ororen konpromisotik abiatzen da", adierazi du Josu Labaka udal zinegotziak. Bestalde, Lasaora doan bidegorriaren bazterretako zaborraz esan du, "aurreko astean Foru Aldundiko beharginak bidegorriko mantenu lanak egiten aritu zirela eta ohartuta zeudela bazterretan zikinkeria ugari zegoela. Horregatik, esan du "lanen zerrendan" zutela. Kexa ikusi ondoren, inguru horren garbiketak aurreratu, eta udal langileak atzo bertan hasi ziren ingurua txukuntzen. "Ez da ertzetan zikinkeria pilatzen den leku bakarra, eta tarteka ohiko garbiketaz gain, garbiketa bereziak ere egiten dira hainbat puntutan", gaineratu dute. "Herria garbi mantentzea herritar guztion esku" dagoela az du Udalak bere oharrean, eta gai honen gainean egiten den kontzientziazio lana ekarri du gogora, Urola ibaia garbitzeko urtero egiten den auzolana adibide bezala jarrita.