Jon Guridi, Reala B-ko jokalaria: "Denboraldi polita ari gara egiten, eta pertsonalki gustura nago"

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko ots. 17a, 10:20

Jon Guridi Reala B-ko jokalaria. (UEFA) Jon Guridik (Azpeitia, 1995) bigarren denboraldia du Reala B-rekin. "Gustura" dago gaztea, minutu dezente jokatzeko aukera izaten ari delako. Kontratua berritu du, datozen bi denboraldietarako. Reala B-rekin kontratua berritu duzu 2018ra arte. Gustura al zaude? Ekainean amaitzen zitzaidan kontratua, eta oso gustura nago berrituta. Beste bi urtez jarraituko dut taldean, eta hobetzen segitzea espero dut. Ea urte gehiagoz ere taldearekin aritzeko aukera izaten dudan. Dezente ari zara jokatzen denboraldi honetan. Bai, hala da. Denboraldi polita ari gara egiten, eta pertsonalki gustura nago; ondo nabil. Espero al zenuen hainbeste minutu izatea? Aurreko denboraldia ikusita, ez nuen espero. Iaz gutxi jokatu nuen, eta lesionatuta ere egon nintzen behin baino gehiagotan. Aurten lesio gutxiago izan ditut, eta, egia esan, hori ere ez nuen espero. Bi gol sartu dituzu, gainera. Iazko sasoian gutxi jokatu nuen, eta ez nuen golik sartu. Aurten jokatzen ari naiz, eta golak ondo etorri zaizkit indartzeko. Zure taldekide ohi batzuek lehen mailarako jauzia eman dute jada. Lehen taldean aritzeko aukerarik ikusten al duzu? Mikel Oiarzabal-eta hor daude. Aukerak egon egoten dira, baina iritsi egin behar. Goiko taldean norbaitek min hartzen badu, deitzen digute, eta zorte pixkatekin hantxe gera zaitezke. Aurredenboraldia Reala B-rekin egin nuen, baina jendea behar izan duten batzuetan entrenatu dut lehen taldearekin. Sailkapenaren erdialdean zaudete, zortzigarren postuan. Zer moduz doa denboraldia? Jaitsiera postuak 11 puntura eta play offak zortzira ditugu. Play offetara lau talde sailkatuko dira, eta ikusi egin beharko da zer gertatzen den. Denboraldiaren bukaerara begira, zer helburu dituzue? Momentuz, mailari eustea dugu xede. Partidak irabazten baditugu eta emaitzek laguntzen badigute, hasiko gara goiko postuetara begira. Oraindik hamahiru partida gelditzen dira, eta dena ikusteko dago. Nola moldatzen zara ikasketak eta futbola uztartzeko? Berez, Kirol Heziketa Zikloko bigarren ikasturtea egiten ari naiz. Ba ina orain alde batera utzita ditut ikasketak. Izan ere, goizetan izaten ditut eskolak, eta baita entrenamenduak ere. Asteko lau egunetan, behintzat, ordu eta erdi inguruko entrenamenduak izaten ditugu, eta zaila zait biak uztartzea. Azkoitiar bat ere bada Reala B  taldean, ezta? Bai, Igor Zubeldia. Laguna dut, eta aldea da gertuko norbait taldean izatea. Jubenil mailan nintzela bera kadeteekin aritzen zen, eta taxian batera joaten ginen Zubietara. Ordutik ezagutzen du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide