Autobusez eta Lapatxez hitz egiteko bilera bana deitu du Azpeitiko Udalak biharko

Urola Kostako Hitza 2016ko otsailaren 10a

Autobus linearen eta Amarako geltokiaren inguruko bilera udaletxean izango da 18:30ean hasita. Lapatxen ingurukoa, berriz, Elosiagako Añota sagardotegian izango da, 19:00etan.

Azpeitiko Udalak herritarrentzat bi bilera ireki deitu ditu biharko, osteguna. Lehen bileran Azpeitia eta Donostia arteko autobus lineak geldiunea egiten zuen Amarako geltokia izango dute hizpide. 18:30ean hasiko da batzarra udaletxeko areto nagusian eta udal ordezkariek gai horren inguruko azalpenak emango dizkiete herritarrei. Izan ere, gai horren bueltan urgentziazko bilera egin zuten Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak joan den ostegunean. Bilera hartan, Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa departamenduko arduradunek Amarako geltokia kentzeko emandako arrazoiak-eta azalduko dituzte eta hemendik aurrerako alternatibez ere jardungo dute. Bestalde, Lapatx zabortegiaren inguruko bilera egingo dute udal ordezkariek Elosiagako bizilagunekin. Bilera hori ere bihar, osteguna, izango da, 19:00etan hasita, Añota sagardotegian. Lapatxen egoeraren berri emango dute batzar horretan; izan ere, Urola Erdiko Mankomunitateak Lapatx betetzean ixteko eta ez handitzeko erabakia hartu zuen joan den astean, eta Azpeitiko Udalak mankomunitateak hartutako erabakiarekin bat egin zuen joan den astearteko udalbatzarrean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide