Santa eskearekin hasiko dituzte gaur, Matxinbentako festak

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko ots. 4a, 10:20

Gaur, osteguna, hasi eta igandea bitartean ospatuko dituzte Santa Ageda festak. Egitarau oparoa prestatu dute egunotarako.

Gaur, Santa Ageda bezpera, hasiko dira Matxinbentako festak. Ohiturari jarraituz, santa eskean aterako dira auzotarrak, eta Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe eta Agin Laburu bertsolariak izango dituzte lagun. Iluntze partean itzuliko dira Matxinbentara, eta orduan hasiko dituzte jaiak; izan ere, etxafuegoen soinuak izango dira Santa Ageda festen hasieraren lekuko. Ondoren, erromeria egingo dute santa eskean aritutako trikitilariekin. Santa Ageda egunean ere, bihar, izango da egitekorik Matxinbentan. Goizean, 11:00etan, meza izango da baselizan. Segidan, hamaiketakoaz gozatu ahal izango dute jubilatuek. Gauean jokorako tartea izango da; Mus Txapelketa 22:00etan hasiko da, Beheko tabernan. Parte hartu nahi duten bikoteek aurrez, 21:30ean, eman beharko dute izena, eta 20 euro ordaindu beharko dituzte bikoteko. Asteburuan ere jarraipena izango dute festek. Larunbat arratsaldean puzgarriak izango dira. 17:00etan pailazoen emanaldia hasiko da, eta gero txokolatada. Gauean, berriz, bertso afaria izango da Beheko tabernan, Iker Zubeldiarekin eta Iban Urdangarinekin. Ondoren, Lidia eta Unai trikitilariek alaituko dute giroa. Igandea izango da santagedetako azken festa eguna. Txistulariek goiz eresia eskainiko dute aurrena. Ondoren, itxulapikoak puskatzeko parada izango dute haurrek; eta, 11:45ean pilota txapelketa jokatuko dute Ilunpeko pilotariek. 12:30ean, aldiz, herri kirol erakustaldia izango da. Festei bukaera emateko, otarraren zozketa egingo dute, eta Itzeder eta Txibilter trikilariek girotuko dute auzoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide