Hainbat arlotako ehundik gora azpeitiarrek sinatu zuten herri galdeketaren aldeko dokumentua joan den larunbateko ekitaldian. (Alex Berasategi)
Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?. Galdera horri “bai” edo “ez” erantzun ahal izango diote azpeitiarrek ekainaren 12an. Izan ere, Hitzartu gizarte elkarteak independentziaren inguruko herri galdeketa antolatu du egun horretarako. Azpeitian erroldatutako 16 urtetik gorako 12.000 herritar inguruk izango du botoa emateko parada.
Joan den larunbatean aurkeztu zuten galdeketa, Soreasu antzokian. Politika, kirol, kultura, hezkuntza eta beste hainbat arlotako 153 lagunek sinatu zuten Hitzarturen dokumentua, galdeketari babesa emateko. Galdeketa egiteko, baina, martxoaren erdirako 1.500 sinadura biltzea dute xede.
Galdeketarekin bat egiten duten herritarrek sinadura emateko hainbat aukera izango dute datozen egunetan. Azpeitiko Gure Esku Dago-ren lokalean, Foru Ibilbideko 7. zenbakian, sinatu ahal izango dute, astelehenetik ostiralera 17:30etik 19:30era, eta astearteetan eta larunbatetan 10:30etik 12:30era. Horrez gain, herriko hainbat auzo eta tokitan ere jarriko dituzte mahaiak. Sinadurak biltzen lagundu nahi duten herritarren taldea ere osatuko dute. Interesatuek
hitzartuazpeitia@gmail.com helbidera idatz dezakete, edo Gure Esku Dago-ren lokalera bertaratu.
Goierrin sortutako mugimenduari jarraiki, 2013aren bukaeran jarri zuten martxan Azpeitiko Gure Esku Dago. Hainbat ekitaldi-eta egin dituzte ordutik. Orain, galdeketa egiteko Hitzartu elkartea sortu du hainbat lagunek.
Azpeitian independentziaren inguruan egingo den herri galdeketa ez da Euskal Herriko aurrena izango; 2014an Etxarri Aranatzen (Nafarroa) eta Arrankudiagan (Bizkaia) egin zituzten. %42,7 eta %61,5eko parte hartzea izan zen haietan, hurrenez hurren. Dena den, Gipuzkoan independentziaz egiten den aurreneko galdeketa izango da Azpeitikoa, eta baita 10.000 biztanle baino gehiagoko udalerri batean egindakoa ere. Beste galdeketa batzuk ere iragarri dituzte. Oraingoz, Azpeitikoaren ondoren egingo dute Goierrikoa, eta, egun berean, Diman (Bizkaia) ere egingo dute.
Ehundik gora lagun izan ziren larunbateko aurkezpenean, eta horietako seirekin hitz egin du
Gipuzkoako Hitzak.