(E. Albizu Lizaso)
Astearte gaua. Minutu gutxi falta dira gaueko hamabietarako. Zain daude danborjole, zuzendari eta kantinerak Azpeitiko plazan, eta banderadunak
udaletxeko balkoian. San Sebastian martxaren handitasuna eta herriko plazan kabitu ezina, danborradako kideei txiki egin zaie gaua azkenean. Une horren zain dira azpeitiar asko dagoeneko, datorren astean izango baita herriko desfile preziatua. 1.400 parte-hartzaile ingururekin, herritar gehien biltzen duen ekitaldia da San Sebastian bezperako danborrada Azpeitian.
Danborjole eta maitale sutsuen artean, aurten badira lehen aldiz irtengo diren herritarrak ere. Urduri, baina pozik dira haiek, eta egunak zenbatzen ari dira urtean behin entzuten diren doinu horiek bere egiteko.
Naiara Intxausti, Begoña Iriarte eta Ane Olabarria lehen aldiz irtengo dira aurten danborradan. 17 urte dituzte, eta kantinera eta banderadun bezala egingo dute desfilea, Arrantzaleen, Izarraitz Txoko eta Barratsu taldeetan. Naiara Intxaustik azaldu du «txiki-txikitatik» duen «ilusioa» dela danborradan irtetea. Iriartek ere bat egiten du berarekin: «Uste dut azpeitiar guztien nahia izan dela umetatik sansebastianetako desfilean irtetea».
«Oso urduri» daude Intxausti eta Olabarria; Arrantzaleetan irtengo da lehena, eta Barratsu taldean bigarrena. Iriarte, berriz, «nahiko lasai» dago, baina «egunek aurrera egin ahala» urduri jarriko dela aitortu du. «Amak esaten dit ea asteartean oinez ibiltzen ahaztuko ote zaidan», esan du barrez Olabarriak.
Danborjoleek ez bezala, kantinera eta banderadunek ez dute entsegu ofizialik egiten. Hala ere, neskak ari dira beraien kasa prestatzen: «Eskolan jartzen dugu musika, eta aterkiekin ibiltzen gara pixka bat entseatzen».
Beste edozein egun bezala hasiko dute asteartekoa. Eskolara joango dira goizean; eta, ondoren, ileapaindegia izango dute. Batzuk 14:00etarako hasiko dira prestatzen, besteak 16:00ak aldera. «Ileapaindegitik irten, pixka bat lasaitu, eta segituan afaltzera joango gara», azaldu du Intxaustik.
«Oso berezia» izango da San Sebastian martxaren unea neskentzat. «Udaletxeko balkoian daudenentzat oso ederra izango da, baita danborjole artean dauden kantinerentzat ere», esan du Intxaustik. Sansebastianak «Azpeitiko festa onenak» direla eta «asko bizitzen» dituztela esan dute Iriartek eta Olabarriak. Intxaustik ez omen ditu horrenbeste sentitzen, baina badaki «une polita eta berezia» izango dela astearte gauekoa.
Zerrenden pisua
Kantinera eta banderadun izateko zerrendak dituzte elkarteetan, eta haien arabera erabakitzen dute zeinen txanda den urtez urte.
Soziedade bakoitzak bere modura egiten du hautaketa. Izarraitz Txokon, esate baterako, urtero eman behar da izena, eta izena ematen dutenen artean aukeratzen dituzte kantinerak. Barratsun, bi bazkidek eman zuten izena, haien artean egin dute zozketa, eta suertatutako bazkidearen alaba irtengo da bi lagunekin. Bestalde, Arratzaleetan zerrenda bat dago, eta egokitzen zaion neskak aukeratzen ditu bere bi lagun.
Danborrak astintzeko zain
Antton Sanjuanek, Eneko Iglesiasek eta Iñigo Lizarraldek aurten egingo dituzte 18 urte, eta danborra jotzen irtengo dira aurrenekoz. «Jantzi bat aurkitu genuen, eta irtetea pentsatu dugu gogoa genuelako», azaldu du Iglesiasek. Festak asko gustatzen zaizkiela esan dute hirurek, eta danborrada «oso gustuko» dutela. «Giroa da ona, afaria, danborrada eta ondorengoa», azaldu du Sanjuanek.
Lehen entsegua egin zuten hirurek asteazkenean. «Nahikoa akats» egin zituztela esan dute, baina martxa ere hartu omen dute. «Lehena da, beraz, hartuko diogu honi ere», azaldu du Lizarraldek. Hark nabarmendu du «betidanik» gustatzen zaizkiola sansebastianak, eta berarentzat berezia izango dela helduen danborradan lehen aldia. Neskak bezala, hauek ere eskolara joango dira asteartean, eta 18:00etan geldituko dira taldekideekin.
Lehen aldiko urduritasun eta zirrararekin irtengo dira asko danborradan asteartean. Beteranoek eta hasi berriek osatuko dituzte taldeetako ilarak. Izan ere, 57 urte ditu dagoeneko Azpeitiko danborradak. Aurten, 50 urte betetzen dituzte Alkartasuna eta Zezenzaleak taldeek; eta 25, berriz, Sanjuandegik eta Zokoak. Horregatik Azpeitiko Udalaren errekonozimendua jasoko dute lau taldeek asteartean, gauerdian. Sanjuandegikoek beraien danborrada ere prestatu dute, igande eguerdirako.
Hori du berezia danborradak: adin, sexu eta nortasun guztietako azpeitiarrak biltzen ditu. Egun berean, helburu berarekin: herria danbor hotsez alaitzea.