Asteazkenean izango da Azpeitiko helduen danborradako lehen entsegua

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko urt. 10a, 18:08

Umeek nahiz helduek hiruna entsegu egingo dituzte datozen egunetan. Helduen hirugarren eta azken entsegua, hilaren 18koa, plazan izango da.

2013ko entsegu bateko irudia. Gerturatzen ari dira sansebastianak, eta urtero legez, danborradako hainbat entsegu egingo dituzte datozen egunetan Azpeitian. San Sebastian bezpera hilaren 19an, asteartea, izango da, baina aurreko egunetan hiruna entsegu egingo dituzte umeek nahiz helduek. Helduen aurreneko entsegua asteazkena, hilak 13, izango da, 21:00etan hasita, Izarraitz pilotalekuan. Bigarrena asteazkenean egingo dute, ordu eta toki berean. Hirugarren eta azken entsegua hilaren 18an izango da, baina berritasun bat izango du entsegu horrek; izan ere, plazan egingo dute saio hori. Modu horretan, musika bandak kiosko berritua probatuko du eta taldeei plazako tokiak zehaztuko zaizkie. Gainera, lehenengo eta azken entseguetan Udal Musika Banda izango dute danborjoleek eta zuzendariek lagun, eta danborradako piezak zuzenean joko dituzte.

Umeen entseguak ostegunean hasita

Haurren danborrada San Sebastian egunez, urtarrilaren 20an, izango da. Lehenengo entsegua helduek baino egun bat geroago, ostegunean, hilak 14, egingo dute. Bigarrena, berriz, ostiralean izango da, eta azkena hilaren 18an, astelehenean. Hiru entseguak Izarraitz pilotalekuan egingo dituzte, 16:00etan hasita.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide