(Uztarria.eus)
Europako Sega Txapelketarako jarritako belar-meta erre dute Azpeitian, Loiolako Etxebeltz-Izarrako biribilgunean. Abuztuaren bukaeran izango da lehiaketa, eta herria girotzeko asmoarekin jarri zuten Almitza elkarteko kideek. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak salatu egin du jokabidea, eta esan du ezin duela "sinetsi eta ulertu" eginikoa. "Hori egin duenak edo egin dutenek Azpeitiaren, Euskal Herriko sega elkartearen, Europako txapelketaren, gure kulturaren eta nortasunaren kontra egin dute", nabarmendu du.
Etxeberriak gogor salatu du "azalpenik gabeko umekeria bat" izateko itxura guztia duela, eta nahi lukeela hori egin dutenek jakitea "zer kalte eragin duten", baita horren inguruan "hausnartzea" ere.