Azpeitiko Udalak argitu du laguntzen inguruko kaleko zurrumurruak ez direla «egia»

Nerea Uranga 2013ko maiatzaren 17a

Kontxita Martija eta Leire Etxaniz zinegotziak atzoko agerraldian. (Nerea Uranga/Hitza) Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuek behar sozialetarako ematen dituen laguntzen zenbatekoen berri eman dute Leire Etxaniz eta Kontxita Martija zinegotziek. Datuak emanda, kalean diru-laguntzen inguruan ahoz aho dabiltzan zurrumurruak ez direla «egia» nabarmendu dute udaleko ordezkariek. «Esan ohi da atzerritarrei laguntzen zaiela, baina Azpeitiko Udalak dituen datuek hori ez dela horrela argitzen dute», azaldu du Etxanizek. Era berean, udaleko Gizarte Zerbitzuetako ateak, gaizki pasatzen ari diren edo laguntza beharrean dauden herritar guztientzako zabalduta daudela gogorarazi du. Iazko datuak eman zituen Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. Kooperazio proiektuak laguntzeko gastua iaz 91.801 eurokoa izan zuen udalak. Guztira, hamar proiektu lagundu zituen: bi Ruandan, bi Salvadorren, bat Mendebaldeko Saharan, bat Indian, Nepalen beste bat, Kolonbian ere bat eta bi Bolivian. Horrez gain, herrian beharrean dauden 171 familia lagundu zituen udalak, guztira 190.459 euro emanez diru-laguntza moduan.  Baina lagundutakoen artean zenbat diren herritarrak eta zenbat beste herrialdetatik heldutakoak ere argitu dute udal ordezkariek: bertako 79 familia lagundu zituen udalak, eta hauen artean 91.353 euro banatu; atzerritik heldutako familiak 92 izan ziren, eta haien artean 99.106 euro banatu. Aurten behar sozialerako 100.000 euro gehiago du aurreikusiak udalak. «Herriaren egoera ikusita, aurten beharrean familia gehiago egon daitezkeela aurreikusi dugulako diru gehiago gehitzea erabaki da». Aurtengo lehen hiruhilekoari errepasoa egin diote udalean, eta momentuz diru aurreikuspena «beharra betetzeko adinakoa» dela ikusi dute. Udalak ematen dituen diru-laguntzez gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ematen dituenak daude. Laguntza horiek Azpeitiko Udalak kudeatzen ditu, eta datuak ere plazaratu ditu. Laguntza horien gastua 2008tik 2012ra bitartean %374,26 igo da Azpeitian, eta laguntzen onuradunen kopuruak, berriz, %356,75 egin du gora. 2008an 499.421 euro banatu ziren Azpeitiako 111 familiren artean; iaz, berriz, 1.869.177 euro banatu zituzten herriko 396 familiren artean. Azpeitiko Udala Gizarte Zerbitzuetatik ematen diren laguntzen inguruko araudia onartzeko bidean da. Horrez gain, Gizarte Zerbitzuak eta Hezkuntza batzordea elkarlanean ari dira ikasleentzako beka sistema bat martxan jarri nahian. Gizarte Zerbitzuetatik eskuhartzeko psikosozialerako zerbitzua ere ematen dute, haurrei eta gurasoei zuzendua. Krisi ekonomikoa tarteko, zerbitzu honen erabiltzaileak ere gehiago direla nabarmendu dute udalekoek. Janari Bankua ere abian dela, eta bertan boluntario aritzen direnen lana eskertu du Etxanizek. Era berean, hainbat ikastaro martxan dituztela eta udazkenean beste batzuk abian jartzeko asmoa dutela iragarri du udalak. Mahai Soziala osatzeko deia Azpeitiko Udalak Mahai Soziala sortzeko asmoa duela eta, behar sozialen inguruan lanean ari diren herriko talde eta eragileetako ordezkariak hilaren 28ko bilerara deitu dituzte. Batzarra 19:00etan da, udaletxean. «Bertan mahaiaren funtzioak, beharrak eta asmoak finkatu nahi dira».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide