- Udalaren aurrekontu orokorra: 17.502.851 eurokoa da. Iazkoa baino %1,2 txikiagoa. 2012koa 17.715.250 eurokoa zen.
- Udalaren aurrekontu propioa: 16.304.180 eurokoa da aurten, iazkoa (16.563.950 eurokoa) baino %1,6 txikiagoa.
- Euskara Patronatua: 602.627 euroko aurrekontua du aurten; iazkoa baino %2,78 handiagoa. Iaz, 585.929 eurokoa aurreikusi zuten.
- Udal Kirol Patronatua: 1.094.266 euroko aurrekontua aurreikusi dute; iaz baino %1,16 txikiagoa. Iaz, 1.107.126 euroko aurrekontua zuen.
- Azpeitia Lantzen SA: 368.321 euroko aurrekontua du aurten; iaz, 388.000 eurokoa.
Sailez sail
- Ogasuna eta kontuak: 1.046.532 euro.
- Hirigintza eta ingurumena: 1.433.800 euro.
- Hezkuntza eta euskara: 836.821 euro.
- Kultura eta gazteria: 770.800 euro.
- Gizartekintza: 1.123.120 euro.
- Langileria eta antolakuntza: 5.260.986 euro.
- Zerbitzu orokorrak: 3.094.050 euro.
- Industria, merkataritza eta turismoa: 536.654 euro.
- Parekidetasuna: 96.500 euro.
[caption id="attachment_61021" align="aligncenter" width="300"]

(Argazkia: Gipuzkoa.net)[/caption]
Azpeitiko Udalaren aurtengo udal aurrekontua onartu zuten martxoaren 21ean plenoan; Bildukoen eta Hamaikabatekoaren aldeko botoekin eta EAJkoen abstentzioarekin. Udalaren 2013rako udal aurrekontu orokorra 17.502.851 eurokoa da, eta udalaren aurrekontu propioa 16.304.180 eurokoa. Udalak aurrenekoz sustapen ekonomikorako 700.000 euro aurreikusi dituela nabarmendu du Eneko Etxeberria alkateak (Bildu): «Hori gero nola banatu eta zertan erabili denok erabaki beharko dugu». Bost irizpide hartuta osatu dituzte aurrekontuak: ekonomia suspertzeko plana, udal baliabideen optimizazioa, gizarte politikak indartzea, auzoetako beharrentzat inbertsioak eta ingurumenaren kalitatea eta iraunkortasuna sustatzeko politika berriak egitea.
Aurrez aurrekontu proiektua «gardentasunez» azaldu dutela ere nabarmendu du alkateak. Prozesuaren inguruan beste alderdikideek ez dute aitzakia handirik jarri; aurtengoa iazkoa baino hobea izan delakoan daude. «Nahiz eta prozesua denon aldetik ondo joan, beti dago zer hobetua. Hasieratik bost irizpide nagusi jarri genituen mahai gainean. Adostu, eta horien gainean osatu ditugu aurrekontuak. Sektore publikoak arriskatu beharra daukala uste dugu». Aurrerantzean ere, kudeaketa moduaz eztabaidatu eta adostas jartzeko aukerak izango dituztela azpimarratu du alkateak.
EAJ: «Egiteko asko dago»
Aitor Gorrotxategi zinegotziaren (EAJ) arabera, aurtengo prozesua «nahiko txukuna» izan da. «Lanean behetik gora hasi gara, nahiz eta oraindik hobetzeko asko egon. Aurrerapausoak ikusi ditugu Ogasun Batzordeko eztabaidan». Aurrekontuen ildo estrategiko nagusiekin bat datoz jeltzaleak. «Ildo hoiekin bat egiten dugu, baina garbi diogu, ildoetako erabakiak gurekin kontatu edo eztabaidatu gabe erabakitzen badira aurrean izango gaituzuela», esan du Gorrotxategik.
Jeltzaleen ustez oraindik egiteko asko dago, eta hainbat kontu «oraintxe» aztertzen hasi izana kritikatu dute. Aurrekontuaren hainbat atal aurrekoetatik datozelako hausnarketa bat eskatu du EAJk. «Hala nola, Ikasberri eta Iraurgiko hitzarmenak, Kultur Mahaiko teknikaria, Uema, gazteriako zerbitzuak… Ez dugu esaten kendu egin behar direnik, baina bai hausnarketa bat eskatzen dutela». Horrez gain, iaz udalak «ordu estrak ordaintzen» zenbat gastatu zuen galdetu dute, eta baita Denon Arteanen parte hartzea herritar guztien zenbatekoa den ere. EAJkoak abstenitu egin ziren. «Herriak aurrekontuak izatea merezi duelako, guk ez ditu oztopatuko». Iazko ezezkotik aurtengo abstentziora pasatu izanak bilakaera positiboa adierazten duela ere esan du Gorrotxategik.
Hamaikabat, ekarpenekin
Hamaikabateko Aitor Aranguren zinegotziak ere iazko udal aurrekontuei ezezkoa eman zion, baina aurtengoak onartu egin ditu. «Aurtengo prozesuak iazkoarekin ez du zerikusirik izan, prozesuak izandako irekitasuna eskertzen dut. Hala ere, zenbakiei buelta gehiegi eman dizkiegu». Aurrekontuak osatzeko Bilduk aurkeztutako bost irizpide nagusiekin Hamaikabatek bat egiten du. Arangurenek, aurrekontuekin lotuta hainbat ekarpen ere egin du, hala nola, Azpeitia 2025 Plan Estrategikoa datozen bi urteotako aurrekontuekin lotzeko konpromisoa eskatu du, baita udalaren gain dauden erakundeen efizientzia eta optimizaziorako berrantolaketa lantzea ere. Gizarte politikak indartzearekin ere bat etorri da Hamaikabat, «gizarte oreka mantentzeko eta zailtasun handienak dituztenei laguntzeko oinarrizko zutabea baita». Ekonomia suspertzeko, berriz, «apostu estrategiko sendoa» egin behar luke udalak Hamaikabateko ordezkariaren ustez.