Fiare banku etikoarekin akordioa sinatuko du Azpeitiko Udalak

Nerea Uranga 2013ko martxoaren 7a

Azpeitiko Udalak Fiare banku etikoa elkartearekin hitzarmena sinatzea erabaki du. Herenegun egindako udalbatzarrean hartu zuten erabakia aho batez, Bilduko ordezkariek, EAJkoek eta Hamaikabatekoak. Udalak Fiarerekin hitzarmena egitea baimendu dute. Fiare, «mundu justuago bat lortzeko bidean», aurrezkiak ekonomia sozialera eta lankidetzara bideratzea helburu duen herri partaidetzako proiektua da. «Diruaren erabilerak etikoa izan behar du, horregatik egin dugu banka etikoaren aldeko apustua. Etikoa diogunean, gure aurrezkiak mundu justuago bat lortzeko erabiltzea eskatzen dugu, eta ez armak erosteko, ingurugiroa puskatzeko edota proiektuetan espekulatzeko», azaldu du Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak. Alkatearen arabera, «ekonomia erreal baten alde» egitea da asmoa: «Dirua gizarte osoarentzat onak diren proiektu errealen aldeko apustuetarako erabiltzea». Udaleko arduradunen arabera, Fiare aukeratu da, eredu parte-hartzailea eta gardena duelako. Alkateak berak, herritarrak eta herriko eragileak Fiare ezagutu eta bertan bazkide egitera animatu ditu. Diru-laguntza arautua Baina, beste hainbat gai eta mozio ere landu zuten herenegungo udal osoko bilkuran. Preso dauden herritarren senideentzako garraiorako banakako diru laguntzak emateko oinarriak ere onartu zituzten plenoan. Erabaki hau ere aho batez hartu zuten. «Udaleko beste hainbat diru laguntza ere arautu egin dira, oinarri batzuk jarriz eta erabakiz. Kasu honetan ere horixe egin da. Udal honetan aspalditik eman izan zaizkie senideei urrun dituzten etxeko presoak bisitatzera joateko garraiorako laguntzak», azaldu zuen alkateak. Era berean, alkateak «presoen sakabanaketa» salatu eta horrekin bukatzeko eskatu zuen, «giza eskubideak errespetatzen dituen politika penitentzioarioa egon beharko luke». Estrasburgoko Giza Eskubideen Tribunalak hartutako ebazpenaren baitan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren 197/2006 doktrina bertan behera uzteko eskatzeko Bilduk aurkeztutako mozioa ere onartu zuten herenegungo plenoan. Mozioa, Bildu eta EAJko alde botoekin onartu zen; Hamaikabateko Aitor Arangurenek ez zuen bozketan parte hartu. Gaur egun, Juan Karlos Arruti Paterra azpeitiarra 197/2006 doktrinaren pean dago preso: 2009ko irailean bete zuen ezarritako zigorra, baina 2010eko otsailean 197/2006 doktrina (Parot delakoa) ezartzea erabaki zuen Espainiako Auzitegi Gorenak eta 2019ko irailera arte luzatu zioten zigorra. Aizpuru, kargua hartuta Josetxo Aizpuruk (EAJ) zinegotzi kargua hartu zuen; era horretan, Jesus Larrañaga dimititu ondoren utzitako tokia betez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide