Auzaraza eremuko etxeak babesteko Plan Berezia egingo du Azpeitiko Udalak

Nerea Uranga 2012ko urriaren 4a

Auzaraza eremuko etxebizitzak «zutik mantentzeko» helburuarekin Azpeitiko Udalak «beharrezko tresnak» martxan jarri dituela azaldu zuen Eneko Etxeberria (Bildu) Azpeitiko alkateak herenegun ohiko udalbatzarrean. Hala, Auzaraza eremuko plan bereziaren tramitazioari hasierako onespena eman zioten aho batez Bilduko, EAJko eta Hamaikabateko zinegotziek. Auzaraza eremuko etxebizitzen gaineko auzia epaitegietan dago, 1999. urteaz geroztik. «Gatazka hor dago. Garai hartan hiru demandatzailek eremu horretan eraikitako etxebizitzen gainean demanda jarri zutelako. Urteak pasatu arren, gatazkak mahai gainean jarraitzen du, Auzitegi Gorenak hirigintza plana hankaz gora bota zuelako», azaldu zuen alkateak. Kontuak horrela, eta etxeak botatzeko aukera dagoelako, udalak eremu horretako etxebizitzak babesteko Plan Berezia onartzeko prozesua jarri du martxan. EAJ Plan Berezia egiteko asmoarekin bat datorrela adierazi zuen, Jesus Larrañaga zinegotziak. Eta, Hamaikabateko Aitor Aranguren ere prozesua martxan jartzearekin bat etorri zen, «etxebizitza hoiei segurantzia eta zentzua emango dielako». Auzaraza etxebizitzetako bizilagun batzuk ere joan ziren plenora, eta euren kezkak azaldu zituzten. Bizilagunetako batek, auzi honegatik abokatua ordaintzen kostu handia dutela azaldu zuen, eta «auziarekin zerikusia duen Jesus Larrañaga han egotearekin harrituta» zegoela esan. Etxeak eraisteko eskatzen duen epaia artxibatuta dago, baina bateren batek hori «ejekutatzeko» eskatuko balu, etxeak bota daitezkeelako kezkatuta azaldu ziren etxejabeak. Plan Berezia egiteko prozesua horrexegatik martxan jarri dutela erantzun zien alkateak, «etxeak babesteko». Jesus Larrañagak Auzarazako etxebizitzekin «juridikoki eraginik ez» duela erantzun zion bizilagunari, «nik nahita ere ezin dut auzi hori epaitegietatik kendu. Garai hartan, Ikastolatik kontuak irten zuenean, nik onartu egin nuen eta kontu horretan sartu nintzen. Baina alde juridikoan ez daukat zeresanik, bai alde, ordea, emozionalki». Berez, artxibatuta dagoen epai hori martxan jartzeko ahalmen juridikoa Belen Aginagaldek duela azaldu zuen plenoan Larrañagak. Ordea, udalak azkena egindako bilera zabalera auziko demandanteak deitu dituenean, Jesus Larrañaga, Jabier Iturralde eta Joan Amenabar azaldu izan direla argitu zuen alkateak. Iñaki Portilla Bilduko zinegotziak, «ikastolak kontuan ez sartzea» erabaki zuela argitu zion Larrañagari, «ni garai hartan ikastolako batzordekidea nintzen eta ikastola auzian ez sartzea erabaki zen». Orain, Auzarazarako Plan Berezia egin eta gero Plan Orokorra onartuta, eremu horretako etxebizitzak «kontsolidatuta» geldituko liratekeela esan zuen alkateak, «uste dugu, etxe hoiek babesteko juridikoki instrumentu guztiak martxan jarri ditugula». «Elkarbizitza hobetzea» Udalbatzarraren bukaeran, galdera eta erreguen txandan, elkarbizitza hobetzearen beharraz jardun zuen Jesus Larrañaga zinegotzi jeltzaleak. «San Inazio aurretik bizitzen ari garen egoera dela-eta, elkarbizitza hobetu beharra dago. Saninazioetan gure irudiekin azaldutako kartelak ez daude ondo». Alkateak argitu zion, berak kartelak eta pintadak kentzeko agindua eman eta hedabideetara ohar bat bidali zuela argitu zion. «Uste baduzue kontu horren inguruan hitz egin behar dela plenoan eta mozio bat aurkeztu behar dela, eseri eta testu bat adostuko dugu denon artean», gaineratu zuen alkateak, eta «irainak» Bildukoek beraiek ere jaso zituztela gogorarazi zuen plenoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide