Bilduk Azpeitiko Udala gobernatzen urtebete pasa daramala-eta balorazioa egiteko agerraldia egin dute EAJko udal ordezkariek. Balantzea «etsigarria» dela esan du Jesus Larrañagak, jeltzaleen bozeramaileak. «Laburbilduz, hitzak, argazkiak eta festak bakarrik izan ditugu urtebetean; ez lana eta ez konponbidea. Onartu beharra dago festak antolatzen artistak garela», gehitu du.
Bilduren agintaldiko aurreneko urtea «edukirik gabekoa» eta «urte galdua» izan dela kritikatu dute jeltzaleen udal ordezkariek. «Azpeitia txosna handi bat bihurtu dute, euren eraginkortasun eza tapatzeko».
Bildukoek «horrenbeste alditan aipatu duten aldaketa» non dagoen galdetu du Larrañagak. Bildukoek «ekarpenik ez» dutela egin, eta «informazioa manipulatzen eta komunikabideak kontrolatzen jakin» dutela esan du Larrañagak.
Azpeitiko udal gobernuak «Azpeitia mugitzen ari den itxura» egin nahi duela, baina Azpeitiko Udalak «ondo funtzionatzen» badu, udal langileen «inplikazioari esker» dela gaineratu dute EAJko zinegotziek.
Etorkizunerako proiektuak
Horrez gain, Bilduk Azpeitiko etorkizuna planifikatzeko proiekturik ez duela ere kritikatu du EAJk. «Galdetu dugu horri buruz, baina etorkizunerako ideiarik ez du Bilduk». Horregatik «oso kezkatuta» daudela azaldu du Larrañagak. Udalak bere indarrak «festarako eta parrandarako» erabiltzen dituela salatu dute.
Udalaren barruko funtzionamendua ere kritikatu dute EAJkoak. Haien ustez, udaleko batzordeek ez dute funtzionatzen: «Gutxitan biltzen dira batzordeak, edota eduki falta dute. Esaterako, Kultura Batzordea hiru aldiz bakarrik bildu da».
Udal agintarauak ere ez direla betetzen salatu dute jeltzaleek. «Ordenantza asko egin da, baina gero gehienak udalak ez ditu betetzen. Asteburuetan izugarrizko zarata egoten da, eta horren inguruko ordenantza bat badu udalak».
Udal Gobernuari buruzko «kritika ezarekin» harrituta daudela esan dute EAJko udal ordezkariek. «Honek El mundo de Yupi ematen du. Dena itxura ematea da». EAJkoen arabera, Azpeitiko Udalak lanpostuak ez galtzeko zerbait gehiago egin dezake. «Baina hori ez dela udalaren lana entzun izan dugu». Enpresekiko hainbat arazo konpontzeko «akordioak eta lana» egiteko daude, EAJkoen ustez.
Alkatearekin ere kritiko
Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatearen jarrera ere kritikatu dute EAJko zinegotziek: «Nahiko itxaropentsu hartu genuen alkatea, kargu-hartzean egindako hitzaldi ederra entzun eta gero. Baina orduan esandako ezer ez dago. Behin baino gehiagotan entzun dugu haren ahotik gehiengo absolutua duela, eta nahi duena egiteko gure beharrik ez dutela».